Arreta sozio-sanitario arloan profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko prestakuntza emango duen enpresa kontratatuko du Udalak

2017/03/23
Halako titulazioa emateko Lanbideren homologazioa duten zentroei zuzenduta dago deialdia

  Zaintza eta arreta sozio-sanitarioan ari diren lagunen formazioan urrats berria emango du Udalak. Azken urteetan egin bezala, arloan diharduten lagunek profesionaltasun egiaztagiriak eskuratzeko formazioa eskaintzen jarraituko du. Formazio hori emateko homologazioa zuen zentro baten zerbitzua zuzenean kontratatu da orain arte baina aurrerantzean, aukera zabaldu eta zerbitzua esleitzeko lizitazio deialdia egitea erabaki du Udalak. Gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean hartarako iragarkia, eta ondorioz, gaur bertan ireki da arloko formazio zentroentzat proposamenak aurkezteko epea.

  Helburua, Mendeko pertsonei arreta sozio-sanitarioa ematea erakunde sozialetan izeneko profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko formazioa emango duen zentro baten zerbitzuak kontratatzea da. Deialdia, bigarren mailako profesional ziurtagiri hau emateko Lanbideren homologazioa duten formazio zentroei zuzenduta dago.  Udalak, 30.000 eurotan finkatu du lizitazioaren gehienezko prezioa eta ondorioz, enpresek, formazio zentroek, horren pareko edo merkeagoak diren proposamenak aurkeztu behar dituzte. Prezio horren barruan sartzen dira, bai profesionaltasun ziurtagiria emateari dagozkion gastuak, bai prestakuntza eta praktika garaian zehar istripu eta erantzukizun zibileko aseguru polizaren gastuak eta baita prestakuntza ekintzaren kudeaketagatik eratorritako gastuak ere.

  Kontratatzen den enpresak, mendeko pertsonei arreta sozio-sanitarioa ematea erakunde sozialetan izeneko formazioa eman beharko du. Ikastaroaren lekua zehaztu du Udalak eta  Zubillagako Olaburu zentroa izango da. Profesionaltasun egiaztagiria eskuratzeko formazioak guztira 450 orduko iraupena du eta lau modulu teoriko eta praktiketan gauzatuko da. Modulu bakoitza egin dadin gutxienez 8 eta gehienez 15 laguneko taldea osatu beharko da eta asmoa, noski, modulu guztiak egin eta egiaztagiria eskuratuko duen profesional talde bat ziurtatzea da. Kontu egin behar da egun etxez etxeko zerbitzuan diharduten langileek urte akaberarako gaitasun profesionala egiaztatuko duen agiria beharko dutela. Udalak, zerbitzu hau kontratatuz, egiaztagiri horren goitik dagoen bigarren mailako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko aukera eskainiko die etxez etxeko zerbitzuan dihardutenei eta gainontzeko interesatuei. Aipatu 450 orduko ikastaroak etxeetan ez ezik, eguneko zentro edota egoitzetan lan egiteko gaitasuna ziurtatuko du.

 Ikastaroa abian jarri aurretik, formazio hori  emango duen zentroaren zerbitzua kontratatu nahi du Udalak eta horretarako lizitazioa deialdia zabaldu du. Interesa duten enpresek, formazio zentroek, apirilaren 7ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia