Oñatiko udala

Arraskondoko leizetik bi tona eta erdi zabor atera dituzte espeleologoek

2020/03/11
Card image cap
Asteburuan egin diren garbiketa lanetan 25 boluntariok parte hartu dute

  Aurreko asteburuan jada, garbiketa lanetarako lehen prestaketak egin zituen Aloña Mendiko Espeleologia taldeak. Sarrerako malda leuntzeko eta zaborra ateratzeko bi estruktura berezi muntatu ziren. Bide batez, kobazuloan topatutako bi hozkailu igo zituzten.

  Lehen probak eginda, sakoneko garbiketa lanak asteburu honetan egin dira, Euskal Espeleologia Elkargoak gidatuta, AMETeko eta beste hainbat taldetako boluntarioek eta banakakoek lagunduta. Guztira, 25 lagun aritu dira asteburuan Arraskondoko leizera botatako hondakinak batu eta kobatik ateratzen.

  Lantaldea hiru multzotan banatu zen. Lehenengo taldea, sarrerako 12 metroko putzua instalatu eta kobako arrapalan zegoen zaborra garbitzeaz arduratu zen; bigarren taldeak trakzio sistema muntatu zuen, hondakinez betetako zakuak igo ahal izateko; eta hirugarren taldeak zakuak bildu eta basozainaren eta propio eramandako 4x4 ibilgailuren bidez basoko kamioi batek jaso zezakeen tokiraino garraiatu zituen.

  Guztira, bi tona eta erdi inguru zabor atera zuten Arraskondoko leizetik: hozkailuak, garbigailuak, gurpilak, kupelak, burdinazko egiturak, arantza-alanbrea, sehaskak, eltzeak, kristalezko eta plastikozko botilak, besteak beste. Baina talde-lan onaren ondorioz, hondakin guztiak egun bakarrean atera ahal izan ziren eta arratsalde erdirako boluntarioak kanpoan zeuden, egindako muntaia guztia biltzen.

  Astean zehar, basoko kamioi batek Muñakolatzako zelaian aurkitutako hondakinak batu eta Araotz auzoko edukiontzi batzuetara eraman ditu. Debagoieneko mankomunitatea arduratuko da orain hondakinak zabortegi batera eramaten.

  AMET taldeak bere blogaren bitartez zabaldu du asteburuan Arraskondoko leizean egindako garbiketa lan bereziaren berria. Era berean, parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie: Euskal Espeleologia Elkargoko boluntario guztiei, Mankomunitateari, Aldundiko basozainei, lursailen jabeei eta baita Eusko Jaurlaritzari ere, emandako diru-laguntzagatik.

  Pasa den asteburuko hotz, euri eta elurrak arazoak sortu zizkien arren, lan txalogarria egin ahal izan zuten 25 boluntariok, askok zabortegitzat hartzen dituzten beste kobazulo batean, Arraskondoko leizean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!