Argitaratu da ostalaritzan enplegu eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzen iragarkia

2020/12/04
Card image cap
Eskaerak astelehenetik aurrera aurkeztu daitezke

  Azaroan ostalaritza ixteko eman zen aginduaren aurrean sortutako berehalako beharretarako dirulaguntza zuzenak emango ditu udalak. Azken osoko bilkuran hartutako erabakiaren iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Laguntza zuzen hauek enpresaren funtzionamendu gastu finkoei aurre egiteko helburuarekin kaleratu ditu udalak, beti ere establezimendua itxita egon den hilabeteko gastuei, azaroa eta abenduko gastuei aurre egiteko.

  Langile kopurua hartuko da oinarri gisa eta 2 langile edo gutxiago dutenei 800 euro emango zaizkie hileko, guztira, 1.600 euro; 2 eta 5 langile arte dituztenei 1.000 euro hileko, 2.000 guztira eta 5 langiletik gora dituztenei, 1.200 euro hileko, 2.400 guztira. Dirulaguntza hauetarako 120.000 euroko partida berezitu du udalak eta astelehenetik aurrera eskatu ahal izango dira, abenduaren 23ra arte.

  Jarduera eten beharra izan duten ostalaritza lokalen arduradunek eskatu ditzakete dirulaguntzak. Oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: norberaren konturako langile edo autonomoen kasuan, azaroaren 6an alta emanda egotea eta udalarekiko, ogasunarekiko eta gizarte segurantzarekiko zerga betebeharrak egunean izatea. Horiek, eskaerarekin batera aurkeztuko diren agirien bidez egiaztatu behar dira.

  Eskaerak, astelehenetik aurrera aurkeztu daitezke, esan bezala, aurrez aurre udaletxeko HAZ bulegoan, posta arruntez bidalita edo udaleko web atarian sartuta. Eskaera orriarekin batera, norberaren konturako langile eta autonomoaren izen abizenak eta NANa adierazi beharko da. Ostalaritza establezimendu bakoitzeko laguntza eskaera bat bete beharko da.  
Dirulaguntzak eskaerak jaso ahala bideratuko dira. Hori bai, dirulaguntza jasotzen dutenek lokala berriro ireki eta gutxienez hilabetez jardunean mantendu beharko dutela zehazten da iragarkian. 

  Gaur bertan argitaratu da baita ere Kuttuna.org eta oñati.bonoak.eus plataformetan eskuratutako ostalaritzako bonoen iraungitze data aldatu, luzatzen duten erabakien iragarkiak. Bonoak erosteko epea mantenduko da baina gastatzeko epea hiru hilabetez luzatu da, martxoaren 31ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!