Argitaratu da Oñatin hirugarren sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzen iragarkia

2020/06/03
Card image cap
Eskaerak bihar hasi eta uztailaren 30a bitartean aurkeztu ahal izango dira

  Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzen deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu da. Horrek esanahi du eskaerak bihartik aurrera aurkeztu daitezkeela.

  Asteetan itxita eta jarduerarik gabe egon diren hirugarren sektoreko autonomoek eta 10 langile baino gutxiago dituzten mikroenpresen arduradunek eskatu ditzakete udal dirulaguntza hauek, baldin eta egoitza fiskala eta lantokia Oñatin badago, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan Oñatin alta emanda badago eta Oñatiko udalarekiko, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak egunean badauzka. Gainera, alarma egoera amaitutakoan lan jarduerari berriro ekitea, edo horri eustea, eta hurrengo sei hilabeteetan gutxienez alta egoeran egotea eskatuko zaie dirulaguntza eskuratzen dutenei.

  Dirulaguntza hauen helburua enpresen funtzionamendu gastu finkoei aurre egitea da. Hala, establezimendua itxita egon den hilabete bakoitzeko 300 euroko dirulaguntza finkoa emango da. Gainera, langile kopuruaren araberako dirulaguntza ere emango da, langile bakoitzeko eta hileko, 35 eta 60 euro artekoa izango delarik. Azkenik, ohiko gastuak, argindar, ura eta hondakinen bilketa gastuak arindu ahal izateko dirulaguntzak ere emango dira. Baina establezimendu bakoitzak hartuko duen diru kopurura mugatu da eta gehienera 2000 euro jaso ahal izango dira. Udalak, ezohiko dirulaguntza hauetarako 342.000 euroko poltsa gorde du. Eskaerak egiteko epea bihar ireki eta uztailaren 30era arte luzatuko da.

  Eskaera orria eta honekin batera aurkeztu behar den erantzukizunpeko adierazpena udaleko web atarian zintzilikatu dira, Sozioekonomia departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzen atalean. Aipatu bi dokumentu horiezaz gain, nortasun agiria edo Identifikazio Fiskalerako Kodea, ogasunean eta Gizarte Segurantzan ordainketan egunean daudela adierazten duen ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egindako Alta egoeran dauden langileen plantillaten bataz bestekoaren txostena eta kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dira.

  Eskaera eta dokumentazio osagarria aurkeztu ahala ebazten joango da udala eta  espedienteak osatzen diren ordenan emango dira dirulaguntzak. Ondoren, irailaren 25a bitartean, jasotako dirulaguntza zuritzeko beste hainbat agiri aurkeztu beharko dira.

  Udalak herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu alorreko autonomo eta enpresari txikiei zuzendutako dirulaguntza hauek beste erakunde batzuk emandakoekin bateragarriak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!