Argindar sektoreko udal enpresei buruzko azterlana egingo da.

2014/03/18
Card image cap
Oso aldakorra den sektorean udal enpresa txiki hauek izan dezaketen etorkizuna eta errentagarritasuna zehaztu nahi da.

  Hiru dira argindar sektoreko udal enpresak: Ur Jauziak, Merkaoña eta Oñargi. Egungo merkatu arauetara egokituz, argindarraren produkzioa, merkaturatzea eta distribuzioa berezituta egon behar baitira.

  Argindarraren sektorea oso aldakorra da eta enpresa handien esku dago. Beraz, Oñatiko udalak sektore horretan izan dezakeen eragin-ahalmena hutsala da. Horretxegatik, etorkizunera begira, sektoreko udal enpresei buruzko azterlana egitea beharrezkoa dela ikusi du udal gobernu taldeak.

  Azterlanean, hiru udal enpresa hauen  historia ekonomikoa eta juridikoa jaso beharko litzateke, orain arte izan duten errentagarritasun ekonomikoa eta garaiko araudira nola egokitu diren zehaztuz. Era berean, egungo merkatuan eta lege nahiz joko sisteman aurreikusten zaien etorkizuna ere jaso beharko luke txostenak.

  Lan hau egiteko ATTEST enpresara jo zuen udalak aurrekontu eske. ATTEST-ek urteak daramatza Ur Jauziak, Merkaoña eta Oñargiren kontuak ikuskatzen. Gainera, aurretik ere, Udalak argindar-sektoreari buruz aholkua behar izan duenean enpresa honetara jo izan du. Udal enpresen izaera eta bilakaera oso ondo ezagutzen ditu beraz.

  ATTEST enpresak eskatutako azterlana egiteko 3.600 euroko aurrekontua aurkeztu du eta udal gobernu taldeak ontzat eman du. Argindar sektoreko udal enpresei buruzko azterlana beraz ATTEST enpresak osatuko du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!