Araututako aparkalekuen udal ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

2016/07/01
Card image cap
EAJk kontra bozkatu zuen, gaia behar bezala landu gabe dagoela argudiatuta

  Denbora mugatua izango duten aparkalekuak, herri guneko lau zonatan egongo dira: Aita Madina kale inguruan, Portu kale eta Laboral Kutxa aurrealdean, Zubibarri eta Ramon Irizar kaleetan eta Motxon kalean. Lau gune hauetan, ordubetez aparkatu ahal izango da gehienez, merkatal egun eta ordutegian. Hau da, astelehenetik ostiralera 8.30tatik 13.15tara eta 16.00etatik 20.30etara eta larunbatetan 8.30tatik 13.15etara. Seinaleztatutako gunetan aparkatzeagatik ez da ordaindu beharko, baina inguruetan jarriko diren makinetan txartela eskuratu eta leku agirian jarri beharko da, gehienezko denbora gainditzen ez dela ziurtatzeko. Neurri honekin, aparkalekuen errotazioa sustatu nahi da.

  Beste bi gune berezi ere izango dira  bizilagun edo residenteentzako: Aita Mortara kalea eta agustinoen eliza aurrealdean 33 plaza gordeko dira eta Errementari plaza eta Bidebarrieta kale inguruan beste 37 aparkaleku plaza. Bi inguru hauetan ez da denbora mugarik izango baina hartarako txartela eskuratzen duten bizilagunek soilik aparkatu ahal izango dute.

  Araututako aparkalekuen udal ordenantza hau landu gabeko ordenantza dela esan zuten jeltzaleek atzoko Osoko Bilkuran. Ordenantzan jasotakoa justifikatzen duten datu bilketa konkreturik ez dela egin eta ondorioz, neurriak hartu aurretik azterketa orokor bat egin beharko litzatekeela esan zuten. Ordenantza arinegi aurkezten zela gaineratu zuten. Lanketa egin-egin dela erantzun zuen hirigintza eta zerbitzuetako batzorde-buruak eta pitinka inplementatzen ari den plangintza orokor baten barruan dagoela adierazi zuen.

  Denbora muga ere hizpide izan zen atzoko bilkuran; jeltzaleek ordubete gutxiegi zela eta aparkaldia bi ordutara igotzea eskatu zuten, inguruko herrietako ereduei jarraituz. Egonaldi luzeagoetarako lurrazpiko aparkaleku publikoak daudela erantzun zuen alkateak eta arautegian jasotako 60 minutuko tarteari eutsi zitzaion. Gerora, aldaketaren bat egin beharko balitz aztertuko litzatekeela erantsiz.

  Araututako aparkalekuen udal ordenantza hasiera bateko izaeraz onartu zen EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoz. Datozen egun eta asteetan, herri-gunean errotazioko aparkaleku sistema jartzeko tramitazioa beteko da, arautegia argitaratu, jende agirian jarri eta alegazioetarako epea zabalduz. Bitartean, parkimetroak erosi eta kokatuko dira eta guneak seinaleztatuko dira. Herritarrei zuzendutako komunikazio kanpaina ere egingo da irailean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!