Araozko eskola berria ostatu bihurtzeko Udalaren eta auzoaren arteko hitzarmena aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran

2019/01/31
Card image cap
Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzua indartu eta lanpostu berriak sortzearen aldeko mozioa proposatuko du EH Bilduk

  Ia bi hilabete pasatu dira aurreko Osoko Bilkura egin zenetik, udal aurrekontuen gaia aztertzeko bilera abenduaren 5era aurreratu baitzen. 8 asteko eten horrek, aztergaien zerrenda luzatzea eragin du. Arratsaldeko bilerarako, 25 gai jaso dira, aurreko agiriaren onespenarekin eta galde erreguetarako tartearekin batera. Aipagarria da, hori bai, asko azken asteetan Alkate Dekretuz onartu diren gaien berri ematea izango dela. Herritarren Arreta Zerbitzua egokitzeko lanak, Olapotoko anfibio putzua egurrezko itxiturarekin ixteko lanen likidazioa, hainbat auzotako auzotasun programen likidazioak, Txanda elkarteari emandako dirulaguntza edota Oñatiko baratze parkeko aisialdiko baratze ekologikoak hartzeko lizentziak emateko deialdiaren berri emango da besteak beste.  Araozko ostatua prestatzeko exekuzio proiektua egiteko onartu zen aurrekontuaren berri ere emango zaio udalbatzari gaurko bileran.

   Araozko eskola ostatu bihurtzeko proiektua gauzatu dadin Udalak eta auzoak izenpetuko duten hitzarmena ere aztergai izango da gaurko Osoko Bilkuran. Astelehenean aurreratu bezala, Udalak eta Araozko auzoaren arteko hitzarmenean lanen finantzazioa, eraikinaren lagapena eta beste zenbait puntu biltzen dira. Xehetasunak, arratsaldeko bilkuran emango dira. Gizarte larrialditarako udal laguntzen ordenantza erregulatzailea eguneratu eta aurtengo deialdia egitea aztertuko da Osoko Bilkuran eta aparkalekuak arautzeko ordenantzak aldaketa egitea ere proposatuko da.

  EH Bilduk babestutako mozio idatzia aurkeztuko da bestalde, plenoan: Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzua indartu eta lanpostu berriak sortzeko eskaera biltzen da aipatu mozioan. Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuan dagoen pertsonal faltari aurre egiteko neurriak lehenbailehen hartzea eskatu zion enpresa komiteak Diputazioari atzo publiko egin zuen komunikatuan. Nahikoa suhiltzaile ez dagoela, langile berriak kontratatzeko hartu zen konpromisoa ez dela bete eta horrek, langileen eta herritarren segurtasuna arriskuan jartzen duela dio komitearen idatziak. Zentzu berean doa EH Bilduk aurkeztuko duen mozioa.

  Urteko lehen Osoko Bilkura 18:30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du. (FM 107.4)

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!