Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko lanen bigarren fasea esleipenera atera du udalak

2020/01/28
Card image cap
Eraikina barrutik egokitzeko lanak egin beharko dira, hiru apartamendu turistiko osatuz

  Araotzeko eskola ostatu gisa egokitzeko lanen lehen fasea ez da amaitu oraindik. Eraikinaren kanpoko urbanizazioa, eraikinaren inguratzaile osoaren isolamendua, tarteko solairu berria eraiki eta eskailerak egin, nahiz barruko banaketa lanak egiten ari dira, lehenengo fasean. Udaberrirako bukatzea aurreikusten da. Ondoren, bigarren fasean, ostatuak izango dituen hiru apartamendu turistiko egin beharko dira; sarrerako solairuan, mugikortasun urria dutenei egokitutako apartamentua prestatuko da, eta goiko solairuan, beste bi. Horretarako, kontratua eskuratzen duen enpresak, eraikinaren barruko zoruak,arotzeria eta margotze lanak eta argindar, telekomunikazio, berokuntza eta bestelako instalakuntza lanak egin beharko ditu. Beti ere, Koldo Etxegarai arkitektoak idatzitako exekuzio proiektua oinarri delarik.

  Bigarren faseko lanak egiteko, sei hilabeteko gehienezko epea mugatu du udalak eta aurrekontua berriz, 323.311,23 euro izango da. Hori zehaztu da gaur publiko egin den baldintza plegoan. Era berean, lanak egiteko interesa duten enpresek eskaintzak helarazteko daukaten epea mugatu da, otsailaren 17a izango da  azken eguna. Lanak esleitzerakoan berriz, eskaintza ekonomikoak pisu nabarmena izango du, puntuazio orokorraren % 75a proposamen ekonomikoaren arabera eskuratu ahal izango baita, eta gainontzeko % 25a, aurkeztutako eraikuntza memoria eta obra plangintzaren arabera banatuko da. 

  Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko bigarren faseko lanak, lehen fasea amaitzerako esleitu nahi dira, ahal dela, etenik gabe, bata bestearen atzetik egiteko.

  Araotzeko neska eskola balio anitzeko ostatu bihurtzeko egitasmoa auzoaren bihotza indartu eta bizirik mantentzeko helburu eta bide gisa sustatu dute Araotzeko elkarteak, udalak eta dirulaguntza eman duten Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!