Oñatiko udala

Araotzeko errepidea zabaldu eta egokitzeko lanak esleitzeko prozesu berria abiatu du Diputazioak

2018/11/05
Card image cap
Arantzazuko errepide bazterreko hesiak 600 metrotan berritzeko lizitazioa ere martxan jarri du

  Araotzeko errepidea zabaldu eta egokitzeko lanen lehenengo lizitazio deialdia hutsean, eman gabe geratu zen. Bigarren deialdian berriz, urrekontua jaso du Foru Aldundiak. Ondorioz, lizitazioan parte hartzen duten enpresek lanak gehienera 193.700 eurotan egin beharko dituzte, kontuan hartuta lanak eskaintza merkeena egiten duenari esleituko zaizkiola.

  Araotzeko auzotarren eskaerari jarraituz, Foru Aldundiak GI 3592 errepidea zabaldu eta bi ibilgailu pasa ahal izateko egokitzea erabaki zuen. Araotzeko errepideak ia 4.5 Km-ko luzera eta, batez beste, 4,50 metroko zabalera dauka; trazatu bihurgunetsua eta estua izateaz gain, aldapa handiak ditu hasierako zatian. 2010ean drainatze eta euspen elementuak hobetzeko lanak egin zituen diputazioak errepidean baina ez zitzaion zabalera handiagorik eman. Orain, hobetze lanei jarraipena emango zaie, errepidea 250 metrotan zabaldu eta egokituz. Konkretuki, 1,065 eta 1,300 kilometro puntuen artean 5,40 metroko zabalera emango zaio errepideari, segurtasuna hobetze aldera. Izan ere, gaur egun bide tarte horretan ezin dute bi ibilgailuk gurutzatu, bazterbiderik ere ez baitago. Horregatik, bi ibilgailu aurrez aurre suertatzean arrisku egoerak sortzen dira.

  Araotzeko errepidea hobetzeko lanen artean, hasierako tartean, mendia hondeatuko da eta harri horma egonkortuko da hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta, gaur egun dagoen manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria egingo da 235 metroko luzeran. Bukatzeko, lanak egingo diren bidearen goialdeko zatian zorua eta seinalizazioa berrituko dira eta azken 100 metrotan betelana egingo da. Proiektuaren aurrekontu berria 193.700 € da, esan bezala. Lanak, 10 astetan egin beharko dira. Enpresen proposamenak jasotzeko epea azaroaren 14an amaituko da.

  Baina Diputazioak beste lan batzuk egin asmo ditu Oñatin, Arantzazuko errepidean hain zuzen ere, errepide bazterreko hesiak 600 metrotan berritzeko lizitazioa martxan jarri baitu. Urriaren 26an abiatu zuen Foru Aldundiak hobetze lan hauek egiteko esleipen prozedura, iragarkia bere web atarian zintzilikatuta. Arantzazura doan GI 3591 errepidean elementu euskarriak hobetzeko lanak egingo dira, konkretuki, 3,95 Km puntutik 4,56 Km puntura. 600 metro horietan zehar errepide bazterreko hesiak jarri eta berrituko dira. Lanek, ia 80.000 euroko aurrekontua dute eta sei astetan egin beharko dira. Esleipenerako irizpide nagusia aurrekontua izango da, proposamen ekonomiko merkeena egiten duena kontratatuko baita. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 13an amaituko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!