Arantzazun eta Zubillagako hainbat baserritan argindarrik gabe daude atzo goizaz geroztik.

2013/02/13
Iberdrolak, iluntzeko 8etarako hornidura normalduko duela adierazi du.

  Atzoko elurtearen ondorioetako bat izan da argindar etena. Beste batzuk, bidera jausi eta oztopo izan diren arbol eta adar handiak edo lurjausiak. Argindar etena da atzoko elurteak eragin duen arazo larriena. Zubillaga, Araotz, Arantzazu auzoetan argirik gabe geratu ziren.

  Zubillaga auzoko hornidura arratsaldeko 4.30rako edo normaldu zen. Goialdeko zenbait baserritan ordea, gaur arratsaldeko 5ak arte edo argirik gabe egon dira. Araotzen ere, atzo arratsaldean argia eman zen nahiz eta gero berriro joan zela esan diguten bertatik. Gauerako dena den, Araotzen ere argindar hornidura normaldu zen. Arantzazu auzoa da alde horretatik egoerarik okerrena bizi duena. Arratsaldean artean argirik gabe zeuden. Iberdrolako langileak arazoa konpontzeko lanetan ari dira. 8etarako hornidura normalduko dela esan dute. Goizean ere, 10.30tarako normalduko zela adierazi diote auzo alkateari baina ez da hala gertatu.

  Kontua da atzoko elurtearen ondorioz, arbol asko eta argindar nahiz telefono hariteria asko jausi zirela. Arantzazun bertan, halako ugari ikusi zituzten udaltzainek.

  Elur asko bota zuen atzo gurean. Goizaldeko 4 eta erdietatik eguerdiko 12ak arte kasik atertu gabe bota zuen. Horrek, arazoak sortu zituen kale eta auzo bideetan. Baina elurrak berak baino arazo gehiago sortu zituzten, pilatutako elurraren pisua jasan ezin eta errepideetara jausi ziren arbol eta adar handiek, eta hauekin batera sortu ziren lur-jausiek.

  Zerrenda luzea da: Olaterako bidean, Zubillagan Erguinako bidean, Errekalde eta Torretxebarri baserrien arteko bidean, Olabarrietan, Auntzuolas eta Kortabarri baserrietarako bideetan edota Arantzazun Gomiztegi inguruan.

  Traba egiten zuten arbol eta adarrak moztu eta bideetatik erretiratzen, basozainak eta hainbat baso langile aritu ziren atzo ilundura arte eta gaur goizean oraindik, Olabarrietako Kortabarri baserrirako bidea garbitu eta terrenoa finkatzeko lanetan aritu dira.

  Urrexolarako bidean ere auzoaren goialdean kasik, bidea guztiz oztopatzen duen lurjausia izan da. Guzti horri, San Prudentziorako bidean atzo izan ziren arbol jausteak eta lur jausiak aipatu behar. Kasu honetan, errepidearen ardura Diputazioari dagokio eta bera arduratu zen bidea garbitzeaz.

  Baina urtzen ari den elurrak berak arazo berriak sortu ditzake. Lurrak hainbeste ur xurgatu ezin eta lurjausi berriak sortu daitezke eta lehendik nahikoa hazita zetozen errekek gainezka egitea ere eragin dezake.
Guztia oso zuhurki zaintzen ari direla adierazi digute udaltzaingotik.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!