Arantzazuko musika ondarea katalogatzen amaituko du aurten Eresbilek

2019/01/16
Frantziskotarren artxiboak XVII, XVIII eta XIX. mendeko mila lanetik gora biltzen ditu

  Iaz hasitako lana da Arantzazuko musika funts aberatsa katalogatzearena. Dagoeneko 488 obra katalogatu ditu Eresbilek, Euskal Musikaren Artxibategiak. Baina Arantzazuko santutegian XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako mila lanetik gora gordetzen dira, 1835. urtean monasterioa erre aurretik frantziskotarrek abesten zituztenak. Euskal Herriko musika funts garrantzitsuenetakoa da. Partiturak katalogatzeko lana egiten hasi ziren iaz Eresbilen, esan bezala, eta ondoren, Musika Iturrien Nazioarteko Artxibategiaren katalogorako lotura izango dute, sarean eskuragarri jarriz.

  Eresbileko zuzendari Jon Baguesek ondo ezagutzen du Arantzazun gordetzen den musika ondarea, 70. hamarkada amaieran, bere ibilbide profesionala hasten ari zenean, Arantzazuko bilduma aztertzen aritu baitzen.

  Eresbil Euskal Musikaren Artxibategia erreferente da gaur egun euskal konpositore eta musikagintzan. Artxibategiak  ia 260.000 dokumentu ditu inbentariatuta, egun. Gehienak, ikus-entzunezkoak dira, %44, baina asko partiturak dira, %37, liburuak % 8 eta bestelako dokumentuak, % 11a. Horiei guztiei hainbat funtsetatik jasotakoak gehitu behar zaizkie.

Iturria: Oñati Irratia

Jon Bagues (Arg:Andoni Canellada/FOKU)