Arantzazuko artistak gogoan seilu eta postal berriak argitaratu ditu CECA Oñatik

2019/07/08
Card image cap
Oteizaren apostoluak jarri zireneko 50. urteurrena eta Alvarez de Eulate eta Saenz de Oiza jaio zireneko mendeurrenak gogoratzen dira

  CECA Oñati filatelia eta numismatika elkarteak oroimen-omenaldi seiluak egiteko ohitura du, herrian urteurren edo ospakizun bereziren bat betetzen denean. Eta halaxe egin du, beste behin, Arantzazuko artistak gogoan hartuta hiru seilu eta postal bikote aldi berean argitaratuz; Oteizaren apostoluak jarri zireneko 50. urteurrena, basilikako beirateak egin zituen Xavier Alvarez de Eulateren jaiotzaren mendeurrena eta Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoaren jaiotzaren mendeurrena gogoan hartuta. Berez, Saenz de Oiza 1918an jaio zen, beraz, mendeurrena iaz bete zen. Baina hirurak aldi berean argitaratzea erabaki zuten CECA Oñati taldekoek Arantzazuko basilika berrian bat egin zuten artistak gogoan izateko. Bakoitzari seilu eta postal bana eskaini zaie eta gaurtik aurrera turismo bulegoan salgai jarriko dira.

  Oteizaren apostoluak sarritan aipagai izan ditugu azkenaldian, debekatuta, Arantzazuko bide ertzean urteetan ahaztuta egon eta gero, 1969ko ekainean santutegiko frisoan jarri ziren. Horixe gogoan hartu du CECA Oñati taldeak seilu eta postal bana osatzeko. Seilu horren 100 kopia atera ditu gainera. Bestalde, apirilean 100 urte bete ziren Arantzazuko beirateak egin zituen Alvarez de Eulate margolari donostiarra jaio zela eta urrian berriz, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto nafarra jaio zela. Alvarez de Eulate eta Saenz de Oizari eskainitako seiluen 50na ale argitaratu dira eta hiruren postalen 30na ale. Goizean zehar turismo bulegora eramateko asmoa zuten elkarteko kideek, arratsaldetik aurrera salgai jartzeko. Artista bakoitzaren seilu eta postala 5 €tan eskuratu ahal izango da.

  CECA Oñati, seilu argitalpen mugatuak egiteko ohitura dauka, esan bezala. 2007an Aita Madinari eskainitakoa atera zuen, 2010ean, Bidaurretako Monasterioari eta Borjako San Frantziskori eskainitakoak. 2015ean, Demetrio Iriarte eta Jose Mari Arizmendiarrietari edota 2016ean, Francisco Esnal parrokiako organujolea izan zenari. Datozen bi urteetan, Higinio Iriarte eta Agustin Zarketa txistulari eta danbolinteroari eskainitakoak argitaratu asmo dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!