Arantzazuko Ama kalea trafikorako itxiko da astelehenean, Eroskiko aparkaleku sarreratik Berezao auzorako bidegurutze tartean

2020/09/11
Elkar Hezi ikastetxeko ikasleen segurtasuna eta Covid 19ari aurre egiteko espazioa bermatu nahi da

  Irailaren 7an hainbat egokitzapen egin ziren haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeen atarietan, oinezkoentzako espazioak handituz. Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean adostutako neurriak dira,  ikasleen sarrera-irteerak modu mailakatu eta seguruan egin eta jende pilaketak saihestu eta segurtasun-distantzia mantendu ahal izateko. Hau da, Covid 19ari aurre egiteko prebentzio-neurriak bermatzeko.

  Pasa den astelehenean indarrean sartutako neurrien jarraipena egin da eta horren ondorioz, Elkar Hezi ikastetxearen parean aldaketak egitea erabaki dute eskolako zuzendaritzak eta Udalak. Ikasleen bide-segurtasuna indartzea da aldaketaren arrazoi nagusia.

  Arantzazuko Ama kalea trafikora itxi egingo da tarte batean, konkretuki,  Eroski supermerkatuko parkinaren sarbidetik Berezao auzorako bidegurutzerako tartean. Ibilgailuek normaltasunez zirkulatu ahal izango dute Arantzazuko Ama kaleko biribilgunetik Eroskiko parkineraino, baina pare horretan ezingo dute gorantz jarraituz, bidea, hesiz itxita egongo baita.  Arantzazuko bidetik behera edo Berezaotik doazenek berriz, saihesbidera egin beharko dute nahitaez herri gunera sartzeko. Datorren astelehenean bertan, irailaren 14an sartuko da indarrean aldaketa berri hau eta astebetez mantenduko da, gutxienez. Ostiralean baloratu egingo da, eta errai bat bakarrik itxita aste honetan probatu den planteamenduarekin alderatuko da, egokiena zein den erabakitzeko.

  Gogoan izan Txantxiku ikastola eta Urgain Errekalde aurrealdeko aparkaleku batzuk kenduz astean egin diren aldaketek indarrean jarraituko dutela irailaren 25era arte, behin behineko froga gisa. Orduan, Hezkuntza komunitateek eta Udalak, elkarlanean, hartutako neurrien eraginkortasuna baloratuko dute, hartutako neurriei jarraipena eman ala ez erabakitzeko.

Iturria: Oñati Irratia