Arantzazu Gaur Fundazioak, Parketxearekin elkarlanean, Natura argazkigintzari buruzko bi ikastaro egingo dira Arantzazun.

2013/05/08
Oinarrizkoa, maiatzaren 18 eta 25ean, eta aurreratua, ekainaren 29 eta uztailaren 13an.

  Udaberriak, argiz eta kolorez betetzen ditu Arantzazuko inguruak. Hori bereziki erakargarria da argazki zaleentzat eta fauna eta flora zaleentzat. Bi zaletasun horiek uztartu nahian, eta neguko lozorroaren ondotik indar biziz iratzartzen den naturaz gozatzeko aukera moduan, natura argazkigintzari buruzko bi ikastaro berri antolatu dira Arantzazun.

  Pasa den udazkenean egin zenaren antzera, oraingoak ere Gema Arrugaeta argazkilari profesionalak emango ditu, besteak beste “Aizkorri Aratz, mendiaren izpiritua” izeneko liburuaren egilea.

  Bi ikastaroak Arantzazun emango dira Gandiaga Topaguneko eraikuntzan. Saioak goizez eta arratsaldez emango dira, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara.

  Hasierako edo oinarrizko ikastaroa, maiatzaren 18 eta 25ean egingo da eta arlo honetan ezagutzarik ez dutenei zuzendu egongo da. Egun bakoitzean, sarrera teoriko bat izango da lehenik eta argazkigintza txangoa ondoren.

  Lehen urrats hori eginda, sakondu nahi duenarentzat ikastaro aurreratuagoa egingo da ekainaren 29 eta uztailaren 13an. Argazki kamerak, objetiboak eta bestelako osagarriak ezagutzeko aukera izango da eta argazki-txangoetan egindako irudien analisia egingo da ondoren. Argazkien prestaketa nola egin bereziki zainduz.

  Bi ikastaro hauetarako izen ematea zabalik dago jada. Interesa duenak Arantzazuko Parketxera telefonoz deituta egin behar du: 943782894 da bertako zenbakia. Ikastaro bakoitzak 60 euro ordaindu behar ditu matrikula gisa. Plazak mugatuak dira, taldeko, 25 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Iturria: Oñati irratia