Arantzazu eta Araotzeko sartu-irtenak mugatu egingo dira Aste Santuan

2021/03/31
Autobus zerbitzua indartuko da

  Ibilgailuen joan-etorria eta zirkulazioa handituko dela aurreikusita, hainbat kontrol-gune jarriko dira Aste Santuko egunetan. Konkretuki, Azkoagain parean, Araotzeko sarreran eta Arantzazun bertan kokatuko dira puntuok. Zeregin honetarako hainbat pertsona kontratatu ditu Udalak. Arantzazu eta Araotzeko aparkalekuak beteta, ez da kotxe gehiago pasatzen utziko, auzotarrenak edota jatetxeren batean erreserba egina dutenenak izan ezik. Adinekoentzako edota mugikortasun arazoak dituztenentzat aparkaleku batzuk erreserbatuko dira.

  Horrez gain, autobus zerbitzua indartu egingo da. Alde batetik, geraleku bat gehiago izango du herrigunean, Eroski-Elkar Hezi parean. Bestetik, bihar ostegunez, bi autobus jarriko dira zerbitzuan. Kontu egin behar da Arantzazurako autobus zerbitzuak udako ordutegia estreinatuko duela bihar eta 7:30tatik 18:30etara Arantzazura igotzeko eta 8:00tatik 19:00tara Oñatira jaisteko autobusa egongo dela, orduroko maiztasunez. Bihar bi autobus ibiliko dira ordutegi eta maiztasun berean. Zerbitzuak zer nolako harrera eta erabilera duen ikusiko da eta horren arabera erabakiko da hurrengo egunetan ere autobus kopurua mantendu edo egokitzea.

  Bihartik astelehenera bitartean egunero eskainiko da Arantzazuko autobus zerbitzua: ostegun, ostiral, domeka eta astelehenean egun osoz  eta zapatuan, 14:30tatik 18:30tara, Herribusaren herriko zerbitzua amaituta abiatuko baita Arantzazukoa.

  Pazko astera begira, Aste Santuko egunek ematen dutenaren araberako neurriak hartuko dira. Udaletik autobus zerbitzua erabiltzeko deia egiten zaie bai herritar nahiz bisitariei.

Iturria: Oñati Irratia

Arantzazuko aparkalekua domekan (Arg:DV)