Arantzazu errekaren gora beherak neurtzeko ikerketa hasi du Aloña Mendiko Espeleologia Taldeak

2020/01/15
Card image cap
Ur mailaren aldaketak eta tenperatura hartzeko neurgailuak jarri dituzte

  Arantzazu erreka, bailarako sare endokarstikoa eta bere ingurumen portaera ikertzeko proiektua martxan du AMET taldeak. Horretarako, besteak beste, ur-mailaren aldaketak eta tenperatura hartzeko neurgailuak jarri dituzte azken asteotan Arantzazu errekaren ibilguan zehar. Azkenaldian euri gutxi egin duela probestu dute instalazio lanak egiteko, nahiz eta, zenbait putzutan ur maila altua aurkitu eta itzuli beharra izan duten, edota, kobazuloen barrunberaino iristeko bi egun pasa behar izan dituzten zuloan, eguzkiaren argia ikusi gabe.

  Neurgailuak kokatu diren tokietan hauek ez ukitzako oharrak ere jarri dituzte, proiektuaren arrakasta neurgailuek emango dituzten datuetan baitago. Norbaitek zalantza badu, edo proiektuaz informazioa nahi badu, espeleologia taldearekin harremanetan jartzea ere eskatzen da.

  AMET taldeak Arantzazu errekaren inguruko zenbait koba berresploratzen dihardu azken urteetan: Gomiztegiko koba, Gesaltza-Arrikrutz edo Iritegi-Aixen koba-Tortuga sistemak, esaterako. Lan horri esker koba berriak ere aurkitu dituzte, Oskola 6, Arantzazu erreka 1 eta Lizartza 1, adibide gisa. Koba guzti horien datu hidrologikoak aldi berean hartuz Arantzazu errekaren ikuspegi orokorra lortu nahi da, hau da, Arantzazu errekara heltzen diren uren dinamika orokorra aztertu nahi da.

  Errekan zehar eta bere magaletan azaltzen diren ur-zuloak eta iturriak birpasatzean espeleologia taldekoak harrituta geratzen dira oraindik ere,  erreka harkaitz barrura zenbat aldiz sartu eta irteten den ikusita. Horrek agerian uzten du, lur azpian sekulako erreka eta akuifero sarea dagoela, taldekoen esanetan.

  Arantzazu errekaren ibilguan zehar jarritako neurgailuei esker, sistema hidrologiko berezi honen jokaera ezagutu, ulertu eta ezagutarazi nahi da. Horretarako, Aloña Mendi Espeleologia Taldeak, Euskal Espeleologoen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailaren dirulaguntza dauka.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!