Arantzazu aldizkariak zuzendari zuen Iñaki Beristain omenduz monografikoa argitaratu du 1.000. alean

2017/10/27
Card image cap
Beristain irailaren 25ean hil zen

  Arantzazu aldizkariak 1.000. alea argitaratuko du azaroan. Berri ona eta pozgarria izanik, berri triste bihurtu da, aldi berean, 2002tik aldizkariaren zuzendari zen Iñaki Beristainek ez duelako ikusiko, irailaren 25ean hil baitzen. Aldizkariko kolaboratzaileek argitalpenaren ale berezia prestatu dute hura omentzeko,  Iñaki Beristain: maitatu Arantzazu izenburupean. Harpidedunek egun gutxi barru jasoko dute etxean eta interesdunek Edizio Frantziskotarrak argitaletxean eskuratu ahal izango dute.

  Ale monografikoari emozioa dariola adierazi dute aldizkariko arduradunek,  hurbileko lagunen testigantzak baliatu direlako edukiak osatzeko. Bereziki hunkigarriak ei dira Joxe Mari Arregik agurtzeko idatzitako gutuna eta, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, Iñakiri buruz jarduteko mahaiaren bueltan eseri ziren Juan Ignacio Larrea Arantzazuko goardianoak, Manex Beristain Iñakiren ilobak eta Alazne Guridi eta Jose Ramon Beloki Iñakiren lagun minek esandakoak.

  Iñaki Beristain: maitatu Arantzazu monografikoak Iñakiren fede-biografiari eta haren ibilbide profesionalari buruzko artikuluak ere jaso ditu, baita Iñakik bizitzako balore eta kontzeptu handien inguruan bere blog-ean idatzi zituen zenbait testu ere. Edukiak argazkiz ilustratu dira: gaur egunekoak batzuk eta Iñakiren familiartekoek utzitako gazte-garaikoak eta haurtzarokoak beste zenbaitzuk.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!