Apaolaza alarguna kalearen izena aldatu eta Maria Irizar izena jartzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran.

2014/11/27
Emakumeak ikustarazteko herriko mugimendu feministak eta Berdintasuna batzordeak egindako eskaera da.

  Maria Irizar, Etxaluzeko señoria moduan ere ezagutu zenak Etxaluze inguruko lur sailak oso modu egokian utzi zizkion herriari. Hori eskertuz, kalea eskaini zitzaion baina bere izena gordeta, senarraren izena eta Mariaren egoera zibila nagusitu ziren eta Maria Irizar izan beharko lukeenak Apaolazaren alarguna kalea bihurtu zen. Eta halaxe izan da urteetan.

  Orain bizpahiru urte herriko kale izendegiaren azterketa egin zen genero ikuspegia oinarri hartuta eta Oñatin, emakume izena zeramaten kaleak gutxi zirela ikusi zen. Apaolazaren alarguna kalea izan ezik gainera, gainontzeko guztiak santu edo Ama Birjinei eskainitakoak ziren: Arantzazuko Ama, Santa Marina edo Bakardadeko Ama kalea, esaterako.

  Maria Irizarrek merezi zuen kalea bere izenean jartzea eskatu zuen orduan herriko mugimendu feministak eta Berdintasun batzordeak eskaera babestu zuen.

  Kalearen izena aldatzeko proposamena  arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko da.

  Emakumeekin jarraituz eta herenegun emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna zela gogoan, gaiaren inguruko mozioa aurkeztuko da. Ez da ordea, arratsaldeko bilkuran mahai gainera aterako den mozio proposamen bakarra, EH Bilduren eskutik, etorri turistiko handiko zonetan merkataritza ordutegia zabaltzearen aurkako mozioa aurkeztuko baita.

  Udal plantillan lanpostu berri bat sortzea ere proposatuko da, gizarte zerbitzuetako arduradun lanpostua, hain zuzen ere.

  Azaroko Osoko Bilkurarako 10 gai zerrendatu dira eta horien inguruan hartzen diren erabakiak zuzenean jarraitu ahal izango dituzue Oñati Irrati honen bidez, arratsaldeko 7 eta erdietatik aurrera hileko batzarra eskainiko baitizuegu.  

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Apaolaza alarguna kalea (googlemaps)