Anton Garai eta Jose Luis Lazkanoiturburu oñatiarrak Manises herriko seme kuttun izendatuko dituzte larunbatean

2017/02/07
Card image cap
Behartsuenei laguntzen eta justizia sozialaren alde ia 50 urteetan egindako lana eskertuko zaie

  Gehiengoz erabaki zuen Valentziako Manises herriko udalbatzak Anton Garai eta Jose Luis Lazkanoiturburu seme-orde edo fills adoptius izendatzea. Herrian berrogehitaka urteetan behar handiena dutenen alde egin duten lana eskertu nahi zaie.
Garai eta Lazkanoiturburu agustinoak 1971an iritsi ziren Manisesera. Herriko auzo pobreenean jarri ziren bizitzen eta bertako bizilagunen alde lanean hasi ziren. Beharrak asko ziren enplegu, gizarte babesa nahiz hezkuntza aldetik eta hasieratik, hutsune horiek osatzen saiatu ziren. Oñatiarrak langile auzo batera joan ziren eta bertakoen antzera lanean hasi ziren, igeltsero. Apaiz-langileak ez ziren begi onez ikusi garaiko arduradun erlijiosoen artean eta agintari horien haserrea entzun behar izan zuten sarritan Oñatiko agustinoek. Gerora ordea, egindako lan onagatik agintari bereen zorionak jaso zituzten. Maniseseko San Frantzisko eta San Jeronimo auzoetako parroko izan dira oñatiarrak eta bertan lanean dihardute oraindik.

  Maniseseko alkateak proposatu zuen abenduko Osoko Bilkuran Garai eta Lazkanoiturburu herriko seme-orde izendatzea eta Udalbatzaren gehiengoak alde bozkatu zuen. Alderdi Popularreko ordezkariak abstenitu egin ziren gaia aurkezteko moduan forma akatsak izan zirela argudiatuta.

  Pasa den irailean, Maniseseko herritar esanguratsuei ematen zaien 9 d'Octubre izeneko saria jasotzeko hautagai izan ziren bi oñatiarrak. Orduan ere, PPko ordezkariak abstenitu egin ziren eta saria aho batez ematen denez, bertan behera geratu zen. Larunbatean ordea, Germanies auditoriumean 19:00tan hasiko den ekitaldian, Anton Garai eta Jose Luis Lazkanoiturburu agustinoak Maniseseko seme-orde edo fills adoptius izendatuko dituzte. Oñatitik hainbat lagun eta senitarteko joango dira ekitaldira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!