Ansareo Saneamientos y Servicios enpresak egingo ditu kiroldegiko tenis pistaren estaltze eta egokitze lanak.

2014/02/21
Card image cap
Onartutako aurrekontua, 228 mila euro gehi BEZa da.

  Edo beste era batera esanda Udalak hartarako zehaztu zuen gehienezko prezioa baino 21 mila euro merkeagoa, gutxi gora behera. Eskaintza ekonomikoa izan da hain zuzen ere, lanak esleitzerako irizpide bakarra. Horren arabera, lizitazioan parte hartu zuen 13 enpresetatik bat prozesutik kanpora utzi zen udalak zehaztutako gehienezko aurrekontuaren goitik zegoen eskaintza egiteagatik eta gainontzeko 12en artean, behin behineko izaeraz Arabako enpresa bati esleitu zitzaion lana. Beti egin ohi denez, dokumentazioa presentatzeko 10 eguneko epea eman zitzaion baina tarte horretan agiriak aurkeztu ordez, lana egiteari ezezkoa eman zion, esleipen proposamena bertan behera uzten zutela jakinarazi zuten.

  Bigarren esleipen bat egin behar izan zuen kontratazio mahaiak eta honetan, aipatu bezala,lanak,  Ansareo Saneameientos y servicios enpresari ematea erabaki zen. Honek, zegokion dokumentazio guztia presentatu zuen eta esleipena, behin betiko izaeraz egin da jada.

  Orain, lanak noiz egin zehaztea falta da. Zubikoa kiroldegiko tenis pista bat estaltzeko lanak bi hilabeteko epean egitea aurre ikusi zen lizitazio deialdian. Kontu egin behar da kiroldegian dagoeneko uda kanpaina prestatzen ari direla. Tenisak, egiten diren eskaintzen artean harrera oso ona izaten du urtero eta komeni da ikastaroen eskaintza egiterako instalazioak prest izatea. Eguraldia ere kontutan hartu behar den faktorea da kanpoko lanei buruz ari garenean, beraz, zuhurtziaz jokatu beharko da tenis pista estaltzeko lanak noiz hasi erabakitzeko.

  Esleitu berri diren lanen helburua, dakizuenez, kiroldegiko beheko tenis pista estaltzea da. Uhin formako estalkia egingo da eta tenis pista ez ezik, ikusleentzako harmaila ere babestuko du. Estalkiak, argi naturala sartzen uzten duten panelak izango ditu sabaian. Tenis pistaren gainean 7 metroko altuera hartuko du eta ondorioz, edozein lehiaketa ofizial jokatzeko aukera emango du.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!