Oñatiko udala

Anfibio eta narrasti espezieen inguruan Oñatin egiten ari den ikerketa lana udazkenean aurkeztuko da

2017/02/02
Card image cap
Hezeguneen Nazioarteko Eguna den honetan ingurumen ikerketa beka berria laster kaleratuko dela iragarri du Udalak

  Azken bi urteotan anfibio eta narrasti espezieak ikertu dira Oñatiko udalerrian. Ikerketa lanaren xedea, babestuta eta babesik gabe dauden eremuen arteko konparaketa da, herpetofauna espezie adierazle moduan erabiliz. Euskal Herrian ezagutzen diren 42 herpeto espezie lurtarretatik erdiak aurkitu dira Oñatin. Ahal izan den neurrian gainera, espezieen banaketa-area mugatu da. Anfibioen kasuan emaitza fidagarriagoak lortu dira, hezeguneekiko lotura hertsia erakusten baitute. Banaketa-area zabala erakusten duten espezieen artean aipagarriak dira baso-igel gorria, txantxiku arrunta edota uhandre palmatua; aldiz, uhandre marmolairea, ur-igel arrunta eta bereziki zuhaitz-igel arruntak, banaketa-area oso mugatua erakutsi dute gurean. Narrastien artean, bi espezie zaindu dira bereziki:  Schreiber muskerra eta suge berde-horia. Muskerraren ale batzuk topatu diren arren, suge berde-horirik ez da ikusi egindako laginetan. Ikerketa ordea, ez da amaitu oraindik eta halakorik agertu daiteke nahiz eta EAEn oso banaketa-area mugatua duen.

  Berez, iazko urte akaberan aurkeztu behar zuten Arantzadi Zientzia Elkarteko kideek gurean egiten ari diren ikerketa lanaren memoria. Baina 2016. urteko baldintza klimatologiko kaxkarren ondorioz, epea luzatu eta ikerketa-lana 2017. urteko lehen sei hilabetekoan bukatzeko aukera onartu du udalak. Horrela, proiektuan txertatuta zeuden helburuak betetzea espero da; denbora tarte honetan gauzatuko diren laginketek, emaitzak osatzea aurre ikusten da. Emaitza horiek udazken hasieran programatuko den hitzaldi batean azaldu asmo dira. 

  Udazkenean Errekaren astea burutuko da eta horren baitan, putzu bat auzolanean egiteko asmoa ere badago. Orain arte egindako laginketen arabera, udalerrian 400 hezegunetik gora daude. Gehienak putzu azalak dira, denbora laburrean lehortzen direnak. Kontutan hartuta gurean okerren dauden anfibioek luzeagoan irauten duten hezeguneak behar dituztela halako putzuak sortzea erabaki da. Egitasmoa, auzolanean gauzatu nahi da, esan bezala, udazkenean.

  Gaur Hezeguneen Nazioarteko eguna den honetan bestalde, ingurumen beka berria laster kaleratuko dela ere aurreratu da udaletik. 2017-2018 bekarako ikerketa gaia edo esparrua zehazteke dago oraindik, baina hartarako 12.000 €ko partida gordeta dagoela jakinarazi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!