Oñatiko udala

Andoni Goitia eta Urko Egañak ekingo diote asteburuan, Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako bertsolari txapelketarako sailkapen faseari

2015/05/08
Card image cap
Goitiak, bihar goizean Astigarragan kantatuko du, Egañak, domeka arratsaldean Idiazabalen

  Gipuzkoa bertsotan sailkapen fasearen lehenengo asteburuan, sei saio jokatuko dira, Astigarraga, Oiartzun eta Idiazabalen eta guztira, 38 bertsolari igoko dira oholtzara. Saioetarako sarrerak egun berean egongo dira salgai, aretoetan bertan.

  Astigarragako Kultur Etxean jokatuko dira lehen bi saioak bihar, goizeko 11.30tan eta arratsaldeko 17.30tan. Goizekoa, saiorik jendetsuena izango da, normalean, seina bertsolarik kantatuko dutelako baina Astigarragakoan, 8 arituko direlako. Horietako bat Oñatiko txapelduna, Andoni Goitia izango da.

  Igandean, Idiazabalgo guraso elkartearen aretoan izango da zita eta arratsaldeko saioan Oñatiko bertso eskolako bigarren ordezkariak kantatuko du: Urko Egañak.

  Datorren asteburuan, beste hiru oñatiarrek parte hartuko dute: Maider Arregik, Egoitz Aizpuruk eta Joseba Lasagabasterrek.

  Bertsolari bakoitzak bi saio egingo ditu eta bi saioen puntuen batuketak emango du azken puntuazioa. Horren arabera, sailkapen fase honetan parte hartuko duten 74 bertsolaritatik 30 sailkatuko dira udazkenean jokatuko den Gipuzkoako bertsolari txapelketarako.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!