Anbulatorioko langileek elkarretaratzea egin dute goizean, osasun publikoan langile eta baliabide gehiago eskatzeko

2020/11/05
Gipuzkoako osasun arloan greba deituta zegoen gaurko

  Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT, ESK, SAE eta Utese sindikatuek deitu dute gaurko greba Gipuzkoako osasungintza publikoan. Oñatiko anbulatorioan isla izan du eta langileek elkarretaratzea egin dute 11:00tan baliabide gehiago eskatzeko. Atzo arratsaldean ere, dozenaka herritarrek antzerako kontzentrazioa egin zuten osasungintza publikoaren defentsan.

  Lehendik zeuden egiturazko arazoak COVID-19ak larriagotu egin dituela diote sindikatuek, eta egoera geroz eta okerragoa den arren, Osasun sailak ez duela hori bideratzeko borondaterik azaltzen. Pandemia agertu aurretik jada osasun arloko langileek lan karga handia zuten eta horrek gaixoei eskaini beharreko arretan eragiten zuen, artatzeko denbora murriztuz eta txandak atzeratuz, besteak beste. Orain, Covid-19ak egoera okertu besterik ez duela egin diote eta akituta dauden langileak ordezkatzeko bitartekorik ez dela jartzen. 

  Osasun arduradunek 3.000 langile inguru kontratatu direla adierazi arren, kopurua engainagarria dela diote sindikatuek, Covid-ak gaixotuta edo berrogeialdian 1.000 langile inguru dagoelako egun eta beste 600 rastreadore lanetan ari direlako. Egungo arazo estrukturalari aurre egiteko 5.000 lanpostu bete beharko liratekeela diote ELAko ordezkariek.

  Arazoari oinarritik heldu eta mahai baten bueltan aztertzen jartzeko eskaera egin dute gaur Gipuzkoako osasun arloko langileek. antzerako protesta egin zen pasa den astean Araban eta datorrenean Bizkaian errepikatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Hainbat herritar osasungintza publikoaren defentsan