Anai-arreben arteko zeloak eta liskarrak gaiaren inguruko hitzaldia antolatu du Guraso eskolak

2020/05/14
Nerea Mendizabalek emango du formatu telematikoan eta izen-ematea zabalik dago

  COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, 2019-2020 ikasturtean gurasoen formaziorako hitzaldietako bi bertan behera utzi behar izan ziren. Baina maiatzerako aurreikusita zegoenari eutsiko zaio, formatua, ordutegia eta baita gaia bera ere pitin bat moldatuta.

  Anai-arreben arteko zeloak eta liskarrak nola kudeatu zen hasierako gaia baina bizi dugun deskonfinamendu garaian nola egin bereziki aztertuko da. Izan ere, anaia-arreben arteko zeloak eta liskarrak beti egon dira, eta beti egongo dira, baina konfinamenduan etxetik atera gabe denbora luzez elkarrekin egon beharrak liskarrak ere areagotu egin ditu sarritan.

  Zeloek gure seme-alaben bizipenak eta jokaerak baldintzatzen dituzte. Gurasoen behaketa indartu eta ekintza zehatzak martxan jarriz, seme-alaben arteko zailtasunetan bitartekari lanetan trebatzen ikastea da helburua, liskarrak gutxitu eta baretzera iristeko. Gaiari buruz hausnartzen, egunerokotasunean sortzen diren egoerak aztertzen, orientabideak ematen eta izan daitezkeen zalantzak argitzen saiatuko dira hitzaldian.

  Nerea Mendizabalek emango du hitzaldia maiatzaren 26an, 19:00tan. Guraso eskolaren ohiko jardun-ordua pitin bat atzeratu da, familien pasiorako ordutegia 19:00ak artekoa dela kontuan hartuta. Ez da ordea aldaketa bakarra, hitzaldia, formatu telematikoan emango baita. Erabili beharreko plataforma eta pasahitzaren inguruko xehetasunak izena ematen duten gurasoei jakinaraziko zaie, horretan ez baitago aldaketarik. Parte hartzeko interesa duenak aurrez izena eman behar du Ainhoa Moiuari mezu elektronikoa bidaliz, ainhoa@onati.eus helbidera. Maiatzaren 21ean amaituko da izen-ematea.

  Anaia–arreben arteko zeloak eta liskarrak nola kudeatu deskonfinamendu garaian izeneko hitzaldi honek itxiko du Guraso eskolaren 2019-2020 ikasturteko jarduna.

  Normalean, garai honetan egin ohi dute udala eta ikastetxeetako ordezkariek Guraso eskolaren ikasturtearen balorazioa eta hurrengo ikasturterako hitzaldi-tailerren behin behineko zerrenda. Baina balorazio bilera hori datorren ikasturte hasierara atzeratzea erabaki da, orduko egoera zein izango den ez baitago argi une honetan.

Iturria: Oñati Irratia