Amaitu dira gaueko lanak Araotzeko errepidean

2019/02/26
Card image cap
Gauez ez da errepidea ixten baina eguneko etenek jarraitzen dute

  Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak atzeratuta zeudela eta, hiru astez, gauez lan egiteko baimena eman zuen Diputazioak. Ondorioz, gauez ere, errepidea trafikorako itxi da. Gaueko lanak fruitua eman du eta euriaren eraginez pilatu zen atzerapenari buelta ematea lortu da. Lanak dena den, ez dira amaitu oraindik eta jarraitzen dute, baina egunez bakarrik. Hau da, goiz eta arratsaldeko errepide etenek jarraitu egiten dute.

  Gogoratu, Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak lehen kilometroa pasata egiten ari direla, Leuzarra moduan ezagutzen den parajean. Errepidea estua denez oinarrizko lan estrukturalak bidea trafikorako itxita dagoela egiten ari dira, langileen eta bidaiarien segurtasuna bermatzeko. Lanak amaituta errepideak ia bost metro eta erdiko zabalera hartuko du eta bi ibilgailu pasatzeko nahikoa leku izango du. Araotzeko errepidea zabaltzeko lanen baitan, mendia hondeatu eta harri horma egonkortu da, hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egingo da eta manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria eratuko da 235 metroko luzeran.

  Lanok egiteko 10 asteko epea eman zen. Gauzak ondo, eta atzerapen berririk sortzen ez bada, martxo akaberarako amaitzea espero da. Baina bitartean, Araotzeko errepidea, egunez, tarteka ixten jarraitzen dute, astelehenetik ostiralera eta 09:00tatik 12:30tara eta 14:30tatik 17:30tara.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!