Amaitu da pioi eta pioi gidari lan poltsak osatzeko prozesua

2018/12/21
Pioi lan poltsan 5 lagun daude, pioi gidarikoan berriz, 3

  Horiek dira azterketaldia gainditu duten hautagaiak. Azterketaldian lortu zuten puntuazioari merituen atalean lortutakoa batu zaio eta azken emaitzak argitaratu dira, ohikoa denez, udaleko web atarian eta udaletxeko iragarki taulan. Udal brigadarako pioia edo pioi gidaria behar denean, lan poltsa berri hauetara joko da aldi baterako kontratazioak egiteko, eta noski, emaitzen araberako hurrenkera jarraituko da.

  Irailean kaleratu zituen udalak pioi eta pioi gidari lan poltsa berriak osatzeko deialdiak, udal brigadan sortu daitezkeen bajak bete edo pilatutako lanei ahalik eta epe laburrenean aurre egin ahal izateko. Pioi lan poltsarako 12 hautagai onartu ziren baina azkenean, hautaketa prozesua 5ek soilik gainditu dute. Pioi gidarirako berriz, 5 lagun onartu ziren hasieran baina 3k soilik bete dute prozesu osoa. Hauei udal brigadan lan egiteko deitu dakieke, eta halako kasuetan, udal brigada lan taldeko lan sinpleetan lagundu, hiri altzarien mantentze lanak egin, jai ekitaldietarako eszenategiak muntatu, noizbehinka bide seinaleak margotu edota hala agindutakoan hilobiratzeetan lagundu beharko dute, besteak beste. Pioi gidariaren kasuan gainera, udal ibilgailuetan materiala garraiatu edo materiala jasotzera hornitzaileen biltegietara joatea eskatuko zaio.

Iturria: Oñati Irratia