Alta eman diote kea arnasteagatik Arrasateko ospitalera eraman zuten agureari

2016/12/13
Portu kaleko 4an sua piztu zen atzo gauean eta bi lagun zauritu ziren

  Gertaera atzo 22:30etan jazo zen Portu kaleko 4. zenbakian, 3. solairuan. Dirudienez, manta elektriko batek su hartu zuen eta logelan sugar handiak eragin zituen. Momentuan, sukaldean zeuden etxeko bi bizilagunak eta 91 urteko gizonezkoa balkoira atera zen, 65 urteko alaba sua itzaltzen saiatzen zen bitartean. Ondorioz, kea arnastu zuen gizonezkoa Arrasateko ospitalera eraman zuten eta erredurak zituen alaba, Donostiako ospitalera. Agureak jada alta jaso du eta emakumezkoari ere, bihar-etzi senda-agiria ematea espero da.

  Lope Agirre kalera ematen duen logelan izugarrizko sugarrak sortu ziren. Bizilagunak eraikinetik aterarazi zituzten eta sua sortu zen solairu gaineko atikoan bizi direnak, teilatura irten ziren ihesi. Oñatiko nahiz Legazpiko suhiltzaileak aritu ziren sua itzaltzen. Behin lana amaituta, bizilagunei etxera sartzen utzi zieten.

  Gaur goizean berriz, kalteen lehen balorazioa egin dute adituek. Suhiltzaileek eraikinaren estruktura ondo dagoela egiaztatu dute nahiz eta sutea piztu zen etxebizitzan kalteak handiak diren. Logela da okerren dagoen gunea baina kalteak etxebizitza osoan gertatu dira. Ke beltzak guztia zikindu du eta beroak eta urak eragindako kalteak ere etxebizitza osoan antzematen dira. Baina eraikina nahikoa berria da eta egitura ondo duela ziurtatu dute suhiltzaileek. Goizean zehar aseguruetako peritoak ere bertan izan dira.

  Ikusgarria izan zen atzo gauean Portu kaleko 4an sortu zen sutea eta horren lekuko dira sare sozialen bitartez zabaldu diren bideo irudi eta argazkiak. Sua bezain azkar kasik zabaldu ziren irudiok herrian.

  Suteak eragindako kalte materialak handiak izan dira baina zaurituta eraman zituzten etxebizitzako bi bizilagunak onik dira, Arrasateko ospitalera eraman zen 91 urteko gizonezkoak alta jaso du jada eta erredurekin Donostiara eraman zen alabak, medikuaren senda-agiria bihar-etzi jasotzea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Sutea Portu kale 4an bart