Kiroldegia eraberritzeko lanetarako lankidetza hitzarmena sinatu dute Udala eta Aldundiko ordezkariek

2019/02/08
Card image cap
Lanek ia 6 milioiko aurrekontua dute eta Diputazioak 454.000 euroko dirulaguntza emango du

  Kultura eta Kirol diputatu Denis Itxaso Oñatira etorri da Zubikoa kiroldegiko eraberritze lanetarako dirulagntza hitzarmena sinatzera. 12:30 elkartu da Mikel Biain alkatearekin eta lankidetza dokumentua firmatu ondoren, kiroldegia ikusten egon dira.
Diputazioak Oñatiko udalari emango dion dirulaguntza, Kirol Ekipazioetarako 2017-2020 Planaren baitan kokatzen da. Horren arabera, Gipuzkoako 55 herritako kirol azpiegiturak berritzeko diru ekarpena egingo du foru aldundiak. Lau urteko epean, ia 54 milioi euroko inbertsioak egingo dira Gipuzkoako kirol instalazioak hobetzeko eta foru aldundiak 10 milioi t'erdi pasa euro jarriko ditu.

  Diputazioaren helburua pertsona orok kirol instalazio egokiak eskura izatea dela esan du Denis Itxaso Kirol diputatuak udaletxean, eguerdian.  Pertsonen bizi kalitatea hobetuko duten kirol instalazio onak eskaini eta eskura jartzearen  garrantzia azpimarratu du Itxasok. Jakinekoa da Zubikoa kiroldegiak duen erabilpen maila handia. Alde horretatik, jardun fisikoa ahalik eta herritar gehienera zabaltzeko aldundiaren helburua erabat betetzen du.

  80ko hamarkadan eraik zen Zubikoa kiroldegiak eraberritze sakona behar du. Elementu estrukturalei eragiten dioten hainbat filtrazio zuzentzeko lanak egingo dira eta igerilekua, fitness gela, aldagelak, bulegoak, harrera eta gainontzeko instalazioak berrituko dira.  Kiroldegiko eraberritze lanok 5.823.954 €ko aurrekontua dute eta diputazioak 453.920 €ko dirulaguntza emango du. Udaletik nahiz aldunditik elkarlan hau positiboki baloratu dute eta baliabide publikoak modurik eraginkor eta sostengarrienean erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

  LKS enpresak urtarrila erdialdean amaitu eta entregatu zuen kiroldegia berritzeko lanen exekuzio proiektua. Kronograma zehaztu eta lanen esleipen prozesua hastea izango da hurrengo urratsa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!