Aldarrikapen bereziz egingo da astelehenean jubilatu eta pentsionisten elkarretaratzea

2018/09/28
Urriaren 1a Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da

  Asteroko bihurtu den elkarretaratze honetan pentsio duinak eskatzen dira. Astelehenean pentsioen aldarrikapena errepikatuko da baina laguntza, zaintza sistema publikoa eta anitza ere eskatuko da, urriaren 1a Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna dela gogoratuaz.

  Hego Euskal Herriko pentsionisten plataforma eta taldeek sinatzen duten idatzian aberastasuna badagoela eta aitzakiarik ez dutela onartuko aipatzen da. Bankuak erreskatatu eta obra publiko handietarako dirua dagoela ikusi da eta hori, egoki banatzea eskatzen dute. Zaintza familien gain eta sarritan, emakumeen gain utzi gabe, dependentzia egoeran dagoen jendearentzat zaintza sistema publikoa eta adinekoentzat laguntza eskatuko da asteleheneko elkarretaratzean.

  Zahartzaro duina ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten asteroko beste aldarrikapenak ere errepikatuko dira urriaren 1eko bilkuran,  hau da, pentsioen sistema publikoaren alde egitea; 1080 euroko pentsioa ziurtatzea, genero bereizkeriarik gabe; KPI errealaren araberako igoera legez bermatzea; 1200 euroko gutxieneko soldata; jasangarritasun faktorea baliogabetzea;, genero arrakala desagerteraztea eta aurretiko jubilazioei penalizaziorik ez jartzea.

  Pertsona Nagusien Nazioarteko egunarekin bat eginez, Hego Euskal Herriko jubilatu guztien elkarretaratze bateratua egitea proposatu zen baina azkenean, lurraldeka egingo da, bai behintzat Bizkaia eta Araban. Bilbon, 12:00tan izango da elkarretaratzea eta Gasteizen, 19:00tan. Gipuzkoan herrika egitea erabaki zen eta lurralde mailakoa urriaren 6an, larunbatarekin. Baina Oñatin Herri eguna izango da eta aurreko deialdietan autobusak antolatu baziren, oraingoan, ez da halakorik aurreikusten. Baina azalpen guztiak asteleheneko elkarretaratzean emango dira, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunerako prestatu den idatzia irakurtzearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia