Aldaketa txiki batzuk eginda, pasa den ostegunerako osatu zen lan zerrenda aztertuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran

2016/03/03
Card image cap
Miren Elgarresta bozeramale jeltzalearen aitaren heriotza zela eta batzarra bertan behera uztea erabaki zen

  Hiru gairen aldea dago pasa den osteguneko eta gaurko Osoko Bilkurarako lan zerrenden artean. Gai bat kendu eta beste bi sartu dira. Kendu dena, Energia Ministerioaren IDAEren laguntza-programan sartu ahal izateko Debagoieneko Mankomunitatearekin hitzarmena sinatzeko proposamenaren gaia da. Presazko gaia zen eta hori onartzeko Osoko Bilkura Berezia egin zen astelehenean. Mankomunitatearen bitartekaritzaz Oñati eta eskualdeko beste lau udalek elkarrekin IDAEren diru laguntza eskatu dute. Eskaera martxoaren 1a baino lehen egin behar zenez, Osoko Bilkura Berezia deitu zen, Debagoieneko Mankomunitatearekin sinatu beharreko hitzarmena onartu eta diru laguntza eskaera epe barruan egin ahal izateko. Gai hori beraz, arratsaldeko lan zerrendatik ezabatu da. Baina Oñargi enpresarekin erlazionatutako bi sartu dira: 2015 ekitaldirako emandako diruzaintza mailegua bertan behera utzi eta 2016 ekitaldirako diruzaintza mailegu eskaera.

  Bestelakoan, otsailaren 25erako zehaztu ziren gainontzeko gaiak gaurko lan zerrendan jaso dira. Pasa den astean jada aurreratu bezala, kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzearen gaia da guztietan garrantzitsuena, herriarentzat izango duen eraginagatik. 2016ko aurrekontuak eztabaidatu zirenean kale garbiketa zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzea aurre ikusi bazen ere, erabaki formala ez da hartu oraindik. Gogoratu, abenduko Osoko Bilkuran argitu zenez FCC enpresarekin egun dagoen kontratua irailean amaituko dela eta urriaren 1etik aurrera, Udalak zerbitzuaren kudeaketa zuzena hartuko duela. Horretarako gainera 10 langile kontratatzea aurre ikusi zen Udalaren Lan Eskaintza Publikoan. Abenduko plenoan jada udal talde jeltzaleak zalantzak azaldu zituen eta orain hiru aste kale garbiketa zerbitzua lehiaketa publikora berriro ateratzea proposatu zuen. Pentsa-ohar bidez jakinarazi zuenez, zerbitzua baldintza plegu zorrotz batekin berriro lehiaketa publikora ateratzea proposatu zuten jeltzaleek.
Udalbatza osatzen duten bi taldeek kudeaketa eredu ezberdinak defendatzen dituzte. Bakoitzaren argudioak arratsaldeko Osoko Bilkuran entzungo dira.

  Gazteek etxebizitzak alokatzeko udalak ematen dituen diru laguntzen ordenantzan aldaketa egitea,  bake epaile eta ordezko karguak betetzeko epai mahaiaren proposamena eta Emakumearen Nazioarteko Eguna badatorrela eta, martxoaren 8ko erakunde adierazpena izango dira aztertuko diren beste gai batzuk. 19.30tan hasiko den Osoko bilkura zuzenean eskainiko du Oñati Irratiak

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!