Alberto Plazaola Ziburun atxilotu du gaur goizean Frantziako poliziak

2015/09/07
Sortuk elkarretaratzea deitu du arratsaldeko 19.00etarako plazan

  Goizean atxilotu eta Baionako polizia etxera eraman dute Alberto Plazaola. Senitartekoak bertara abiatu direla argitaratu du Goienak. Sortuk bestalde elkarretaratzea deitu du Aittori elkartasuna adierazi eta azken ordukoak azaltzeko.

  Alberto Plazaola Ziburun atxilotu du frantziar poliziak, Auzitegi Gorenak zabaldu zuen nazioarteko bilatze eta atxilotze agindua beteaz. Naiz agerkari digitalak jakinarazi duenez, Plazaolak bizitza normala egiten zuen Lapurdin.

  Plazaola iazko abenduaren 4an kaleratu zuten Auzitegi Nazionalaren ebazpenez eta Espainian ezarritako zigorrean Frantzian betetako urteak kontuan hartu ondoren. Martxoan ordea, Gorenak indargabe utzi zuen Auzitegi Nazionalaren erabakia eta Plazaola atxilotzea agindu zuen. Guardia Zibila Aittoren bila joan zen etxera baina ez zuten topatu.

  Etxerat elkarteak gogor gaitzetsi du Alberto Plazaolaren atxiloketa, “bidegabekoa” eta “oihartzun mediatikoa lortzeko xede garbiz” egindakoa dela adieraziz.

Iturria: Oñati Irratia

Alberto Plazaola abenduaren 4an Oñatira iristean