Alberto Plazaola eta Joseba Arregiren etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea egingo da ostegunean

2018/10/16
Zigorren luzapenekin amaitzea aldarrikatuko da

  Estrasburgok zigor bikoitzei buruzko epaia emango du asteartean, urriaren 23an. Hori dela eta Sarek mobilizazioak antolatu ditu bereziki epaiak  eragingo dien  presoen herrietan. Oñatin, Alberto Plazaola Aitto eta Joseba Arregi daude egoera horretan. Horregatik, Orain Aitto eta Joseba etxera! lelopean elkarretaratzea egingo da etzi, ostegunez, 19:00tan Atzeko kaleko plazatxoan. Amaieran, idatzia irakurriko da.

  Sareren idatzian zehazten denez Estrasburgoko epaia Santiago Arrospideren kasuaren haritik emango da, baina 50en bat presori eragingo die, tartean Plazaola eta Arregiri. Espainiatik kanpoko kartzeletan betetako urteak estatuan jasotako zigorrean kontuan hartzea ekar dezake sententziak, egun aplikatzen den zigorraren bikoizketa saihestuz. Sarek konponbiderako eta elkarbizitzarako pausoak ematea eskatuko du beste behin etziko elkarretaratzean eta espetxe politika aldatzeko garaia dela aldarrikatuko du. Bide batez, larunbatean Donostian egingo den manifestaziorako deia zabalduko da ostegunean.

  Orain presoak lemapean manifestazioa deitu da larunbat arratsaldean Donostian. Antiguako tuneletik 17:00tan abiatuko den manifestaziora joateko autobusak antolatu dira Oñatitik. Horretarako txartelak Arrano tabernan eta Euskaldun berria aretoan eskuratu daitezke. Bulego hau, 12:00-13:30 eta 18:30-20:30 irekiko da gaur, bihar eta etzi. 

Iturria: Oñati Irratia