Aizkorri-Aratz natur parkean barrena urtero antolatzen den mendi irteeren egitasmoa domekan hasiko da

2018/04/10
Card image cap
Biozkorniara egingo den irteeran unibertso karstikoa azalduko da

  Sei mendi irteera berezi egingo dira aurten Aizkorri-Aratz natur parkea ezagutzera emateko. Apirilean, maiatzean, ekainean, uztailean eta irailean egingo direnak zehaztuta daude eta urrikoa oraindik konfirmatzeko. 2018ko lehenengo irteera domekan bertan egingo da unibertso karstikoa gaitzat hartuta. Arantzazuko Parketxe aurrealdetik 9:00tan abiatuko da eta Biozkornia izango du jomuga. 4 ordu, 4 ordu eta erdiko iraupena izango duen ibilaldia osatuko da Arantzazun amaituz.

  Maiatzaren 13ean, Ezkutuko bidea eta Arantzazuko Parketxea irteera egingo da Iturrigorri-Bellotza-Parketxea parajeetatik barrena ibiliz. Ekainaren 16an Artzaintza izango da gai nagusi eta Urkulu-Degurixa-Urkulu irteera beteko da. Uztailaren 21ean, mendi irteeren egitasmo honetan klasikoa den Aloña ilunabarrean ibilaldia egingo da, zapatu iluntzean izango den bakarra. Eta irailaren 16an Kontrabandista bideak jarraituz Kortakogain-San Juan Aritxa-Kortakogain irteera osatuko da. Urriaren 21koa oraindik konfirmatzeke dago, arkeologia eta geologiaren gaia azaldu nahi da baina nondik nora egingo den zehazteko dago.

  Parketxeak  eta Arantzazuko adiskideak elkarteak antolatzen dituzten txango hauek publiko orokorrari zuzendurik daude, hau da, igande goiza, edo zapatu ilunkara,  naturarekin kontaktuan eta lagun artean igaro nahi duen edonori zuzenduta. Prezioa 3 eurokoa izango da. Parte hartzeko izena aurrez eman behar da, telefonoz edo emailez. Domeka honetan egingo den irteerarako izen ematea zabalik dago. 943.782894 Parketxeko telefono zenbakira deitu daiteke. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!