Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremua babesteko proposatzen diren neurrien dokumentuaren zirriborroa datorren ostegunean aurkeztuko da.

2014/11/26
Card image cap
Dokumentua lantzen ari den teknikariak informazio bilera egingo du udaletxeko areto nagusian.

   Natura 2000 sarearen baitan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak kanpo-enpresa tekniko bat kontratatu du “Aizkorri-Aratz” ingurua kontserbatzeko neurrien dokumentua lantzeko, oinarri teknikoak zehazteko.

  Dokumentuak, besteak beste, inguruaren babeserako zer helburu zehazten diren eta abian zein jarduera jartzen diren jasoko du, beti ere, Aizkorri-Aratzen atzeman diren intereseko habitatak nahiz flora eta fauna espezieen  kontserbazioa bermatzeko.

  Behin betiko dokumentua prestatu aurretik, proposatutako lan-ildoak azaldu eta zuzeneko interesatuekin tartekatu nahi dira, parte izan daitezkeen lagunek ere beren iritzia eman eta iradokizunak egin ditzaten.  Horretarako, bilera informatibo ezberdinak antolatu dira eta horietako bat, Oñatin egingo da, datorren ostegun arratsaldean esan bezala.

  Udaletxeko areto nagusian egingo den informazio-bileran, Natura 2000 sarea Euskadin zertan den azalduko da lehenik eta Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremuari zertan eragiten dion ere agertuko da.

  Ondoren, Kontserbatzeko Neurrien Dokumentuan, proposatu diren neurriak aurkeztuko dira, dokumentua, oraingoz, zirriborroa dela zehaztuta eta bertaratzen direnen zalantzak argituta, iritzia eskatuko da. 

  Bilerak, gehienez, hiru orduko iraupena izatea aurre ikusten da.

  Aizkorri Aratz Kontserbazio Bereziko Eremuan lursailak edo produkzioren bat duten guztiak edo besterik gabe, gaiaz interesa duten herritarrak gonbidatzen dira informazio-bilera horretan parte hartzera.

  Bilera, datorren ostegunean, abenduaren 4an, udaletxeko areto nagusian egingo da arratsaldeko 6etatik aurrera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!