Aita Madinaren Kontzertu Sakroa Eibarren estreinatuko da gaur

2018/10/26
Card image cap
Aita Santuaren aurrean eskaintzeko obra da Aita Madinak gitarra eta orkestrarako idazten ziharduena

  Apaizgoan 50 urte betetzen zituenean Aita Santuaren aurrean eskaintzeko obra idazten ziharduen Francisco Madina konposatzailea, baina amaitu aurretik hil zen. Pedro Palacin orkestra zuzendaria, apaiz musikagilearen lana berreskuratu eta ezagutzera emateko ahaleginean ari da. Gitarrarako guztiz osatuta zegoen pieza hau, orkestrarako egokitu du. Pedro Palacinek berak zuzenduko du gaur Eibarko Coliseo antzokian Kontzertu Sakro honen estreinaldiko emanaldia .

  Kontzertu Sakroa gitarra eta orkestrarako lana da. Gaurko emanaldia Eduardo Baranzano gitarrajoleak eta Eibarko Andres de Egiguren orkestrak eskainiko du. Eibarko Coliseo antzokian izango da esan bezala, 20:00tan hasita. Pedro Palacin orkestra zuzendaria Aita Madinaren eta bere lanaren miresle da. Konpositore handia izanagatik gutxi ezagutzen dela eta gutxiago interpretatzen dela uste du, horregatik, bere obra ezagutarazi eta sustatzeko ahaleginean ari da.

  Euskal Herrian ez ezik, Argentinan lan oparoa egin zuen Francisco Madina konposatzaileak eta Hegoameriketako herrialde horretan ere, kontzertuak eta hitzaldiak emango ditu Pedro Palacinek datozen asteetan. Madinaren arpa eta orkestrarako kontzertu baten emanaldia zuzenduko du eta hainbat hitzaldi emango ditu azaro-abenduan zehar.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!