Aho batez onartu ziren 2018ko zerga ordenantzak osteguneko Osoko Bilkura berezian

2017/10/08
Hobariak harmonizatu eta diru laguntzen ordenantza egiteko konpromisoa hartu zen

  Erabateko adostasunez onartu ziren datorren urteko udal ordenantza fiskalak osteguneko bilkuran. Aurrez, goizean egin zen Ogasuna batzordean jada, EAJk hainbat proposamen egin zizkion gobernu taldeari eta gehienak onartu zirela ikusita 2018ko zerga ordenantzak babesteko ebazpena eman zuen.

  Datorren urteko zerga ordenantzak zehazterakoan % 1,5aren igoera aplikatzea izan da irizpide nagusia. Alkateak azaldu zuenez, iazko abuztutik aurtengora KPIak hego Euskal Herrian izan duen igoeraren parekoa. Proposatutakoan aldaketa sakonik ez, baina hainbat berritasun bazeudela esan zuen: trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan esaterako, ibilgailu elektriko eta hibridoei hobaria aplikatuko zaie eta jarduera berriak ere hobarituko dira, hara nola, Olaburuko zentruan sortzen diren aktibitate berriei alta ematerakoan udal hobaria jasoko dute. Hondakinei dagokionean, tasa bidez lortzen zen zerbitzuaren estaldura maila % 2 igotzeko helburua onetsi zen, eta orain arte estaldura hori % 84a bazen % 86a izan dadin igoko da zabor eta hiri hondakin solidoak biltzeagatiko tasa datorren urtean.

  Egindako proposamen gehienak onartu zitzaizkiela eta, jeltzaleek aldeko botoa emango zutela adierazi zuen Lourdes Idoiaga bozeramaleak. Hala ere prozeduragatik kexatu zen, ordenantzak zatika jaso zituztela esanez. Baina datorren urterako denboraz ibiltzea adostu zutela erantsi zuen. Foru arau bat jarraituz orain arte aplikatu diren hainbat hobari kendu eta diru laguntza kontzeptuan emango direla adierazi zuen Idoiagak. Horren haritik, urtea amaitu baino lehen, diru laguntzen ordenantza osatzeko konpromisoa hartu zutela argitu zuen. Era berean, hobarien harmonizazioa eskatu zuen. Herritarren egoera sozioekonomikoa oinarri hartuta hobari ezberdinak aplikatu ohi dira udal zerbitzuetan. Guztiak bateratu eta harmonizatzeko adostasuna lortu zutela esan zuen bozeramale jeltzaleak.

  Azkenean, udalbatza osatzen duten ordezkari guztien aldeko botoz onartu ziren urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko diren udal ordenantza fiskalak. Hau da, udalak eskaini ohi dituen zerbitzuengatik kobratzen dituen zerga eta tasak.


Iturria: Oñati Irratia