Administrazio orokorreko teknikarien lan poltsa osatzeko deialdia egin du Udalak

2021/03/22
Eskaerak ostiralera arte, martxoaren 26ra arte aurkeztu daitezke

  Lehiaketa sistemaz osatuko du Udalak administrazio orokorreko teknikarien lan poltsa, hau da, ez da azterketarik egingo eta egiaztatutako lan eskarmentua eta formazioa baloratuta osatuko da hautagaien zerrenda. Lan poltsan parte hartzeko lizentziatura edo gradu titulua behar da honako ikasketaren batean: zuzenbidea, zientzia politikoak, ekonomia edo enpresa zientziak, merkataritzako intendente edo aktuario. Euskarari dagokionez 4. hizkuntza eskakizunaren edo baliokide den beste agiriren baten jabe izan behar da. Ez da euskara azterketarik egingo eta ondorioz, maila baduela agiri bidez egiaztatu beharko du hautagaiak.

  Hautagaiek agiri bidez egiaztatutako lan esperientziaeta prestakuntza edo formazio merituak baloratuko ditu epai-mahaiak eta horren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran osatuko du lan poltsarako zerrenda. Lan poltsa hori baliatuko da aldian aldian sortu daitezkeen administrazio orokorreko teknikari beharrak betetzeko.

  Zerrendan egonik, lanerako deitu eta bidezko arrazoirik gabe izendapenari uko egiten dion hautagaia lan poltsatik kanporatu ahal izango da. Hala zehazten da lan poltsa eratzeko oinarrietan. Oinarri horiek udaleko web atarian ikusgai daude.

  Administrazio orokorreko teknikari lan poltsara  aurkezteko epea martxoaren 26an, ostiralean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia