Administrarien lan poltsa eratzeko bigarren azterketaren emaitzak argitaratu dira

2016/11/22
Erreklamazioak aurkezteko ostiralera arteko epea dago

  Pasa den ostegunean egin zen administrarien lan poltsa osatzeko azterketa praktikoa. Berez, aurreko ariketa gainditu zuten 16 lagunek zuten  aurkezteko aukera baina bat ez zen presentatu. Eta azterketa egin zuten  15 horietatik 11k gainditzea lortu dute. Guztien emaitzak, atzo arratsaldean argitaratu ziren udaletxeko iragarki taulan eta web atarian. Era berean, erreklamazioetarako epea ireki da azaroaren 25a arte.

  Udalak eratu nahi duen administrarien lan poltsarako azterketaldia aurrera doa, azken azterketa bakarrik falta da: psikoteknikoa. Eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu ez zuten hautagaiei zuzenduta euskarazko azterketa egitea aurre ikusten zen baina ez da beharko, hautaketa prozesuan dirauten lagun guztiek agiria aurkeztu zutelako. Azterketa psikoteknikoa noiz egingo den ez da jakinarazi oraindik.

  Behin azterketaldia osatuta, lehiaketa prozesuan, hautagaien merituak baloratuko dira: agiri bidez egiaztatutako lan eskarmentua eta prestakuntza osagarria baloratuko dira. Bi fasetako puntuazioak batuta osatuko da administrarien lan poltsa, beti ere, lortutako puntuen araberako hurrenkera gordeaz. Udalak, administrarien lan poltsa horretara joko du langileen bajak bete edo aldian-aldian pilatu daitezkeen lanei aurre egin ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia