Adineko eta gaixo kronikoen sedentarismoari aurre egiteko, herrian zehar egin daitezken hiru ibilaldi ezagutzera emateko irteera gidatuak egingo dira maiatzean.

2013/04/22
TIPI TAPA oinez bizi ekimena, udala, kirol zerbitzuak eta osasun etxeak sustatzen dute.

  Tipi Tapa egitasmoaren helburua, autonomia mugatua duten 55 urtetik gorako pertsonek ariketa fisikoa egin dezatela da. Bakoitzak ahal duen neurrian eta mailan, baina ariketa fisikoa egitea. Horrek, bai fisikoki nahiz psikologikoki hobe sentiaraziko baititu.

  Tipi-Tapa egitasmoan, udalak eta anbulatorioak bat egin dute. Udalak, baliabide teknikoak edo, jarri ditu: herrian zehar oztopo arkitektonikorik ez duten hiru ibilbide zehaztu dira eta horien berri ematen duten diptikoak argitaratu dira. Gainera, postetxe aurrealdean, oinarrizko ariketak egiteko elementu bereziak jarri dira.

  Anbulatorioak bere aldetik, baliabide tekniko horien berri eman die kontsultara joan diren adinekoei. Bakoitzak duen mugikortasun maila eta ariketa egiteko ohituraren arabera, ibilbide ezberdinak erabiltzera animatuz.

  Euskal autonomia erkidegoko Osasun inkestaren arabera, 65 urtetik gorako 100 biztanletatik 53 sedentarioa da. Alegia ez du inolako ariketa fisikorik egiten. Portzentaje hori murriztea da Tipi Tapa egitasmoaren helburua.

  Orain, urrats bat haratago joan nahi da. Eta idatziz banatzen den informazio hori osatuz, aipatu 3 ibilbideak aurkeztu eta postetxe inguruko gimnasia elementu berezi horiek ikusi eta nola erabili erakusteko irteera gidatuak egingo dira maiatzean zehar.

  Irteerak, maiatzaren 13- 15 eta 17an egingo dira. Egun bakoitzean distantzia eta zailtasun maila ezberdineko ibilaldiak egingo dira. Lehena, laburrena, 2 kilometro eta erdi pasatxokoa, kasablanka ingururaino doa. Bigarrena, ia 3 kilometro eta erdikoa, Ugarkalderainoko ibilbidea da eta hirugarrena, luzeena, kasik 5 kilometro eta erdikoa, Kola Kao ibilbidearen parekoa.

  Ibilaldi gidatu guztiak plazatik abiatuko dira eta Postetxe pareko parkean amaituko dira. Ordu eta erdi inguruko irteerak izango dira, goizeko 10etan abiatuko direlarik. Kiroldegiko begirale aditu batek gidatuko ditu.

  Parte hartzeko interesa duenak, aurrez izena eman behar du maiatzaren 8a baino lehen. Izena, anbulatorioan, Zubikoan eta Pake Leku elkartean eman  behar da.

  Pasa den abenduan halako ibilaldi gidatuak egiten saiatu ziren baina ez ziren aurrera atera. Udaberria hartarako garai egokiagoa delakoan eskaintza berriro egitea erabaki da.

Iturria: Oñati irratia