Adin guztietara egokitutako herri bizia eraikitzeko ekimenak proposatu ditu EAJk 2018ko aurrekontuetarako

2017/11/23
Card image cap
Udal gobernu taldeari gaur aurkeztu dizkiote eta erantzuna, astelehenean jasotzea espero dute

  EH Bilduk pasa den astean egin zuen bezala, EAJk ere ostegun goizetako Ogasuna batzordea hautatu du bere aurrekontu proposamena udal gobernu taldeari aurkezteko. Ondoren, prentsaurrekoan azaldu dute. Adin guztietara egokitutako herri bizia eraikitzeko ekimenak proposatu dituzte jeltzaleek. Horiek osatzeko, urtean zehar eta bereziki azken hilabeteotan oñatiarrengandik jasotako ekarpenak kontuan hartu dira, hauteskunde programan jasotakoak ere txertatu dira.  Izan ere, herritarren eskaera eta behar horiei erantzutea baita jeltzaleen helburu nagusia Lourdes Idoiaga zinegotziak esan duenez. Jeltzaleen proposamenak lau ardatz estrategikoen bueltan egituratu dituztela ere zehaztu du bozeramale jeltzaleak: pertsonen ongizate, kirola eta osasuna, sozioekonomia eta herri biziaren garapena.

  Gobernu taldeari helarazitako proposamenak asko dira, batzuk berriak eta beste batzuk iaz jada egindakoak baina aurrekontuetan jaso ez zirenak. Bizikidetza arloan esaterako, bizikleta eta patineteen ordenantza, taberna ordenantza eta Olakua auzoaren berritzea proposatzen dute jeltzaleek. Olakua auzoari dagokionean Olapotorainoko plan zehatza idatzi eta garatzea proposatuz. Belaunaldien arteko elkarbizitza sustatzen duen Oñati Lagunkoia programa martxan jartzea ere eskatu da. Kiroletan, kirolgune irekiak lehenestea proposatzen du EAJk, kanpoko igerilekua, atletismo pista eta abar. Baina aldi berean, premiazkotzat jotzen dute Zubikoako igerilekuan bizpahiru kale berri egokitzea. Sozioekonomian, merkatari txikiak eta autonomoak bizirik mantentzeko egitasmoak proposatu dira. Turismo Plana egitea sektoretik sortutako sinergiak aprobetxatu ahal izateko eta herriko biodibertsitatearen mesedetan auzoei eta auzotarrei ere erreparatzea eskatu dute, besteak beste, mugarriak definitu eta digitalizatuz eta mendietako pista nagusien inbertarioa osatu eta ekintza plana eginez. Herriko euskara eta sortzaileen lana balioan jartzea eta gazteei zuzenduta jarduera ludiko hezigarrien eskaintza egitea ere proposatu dute jeltzaleek datorren urteko aurrekontuetan.

  2018ko udal aurrekontuen gaia datorren ostegunean egingo da Osoko Bilkuran eztabaidatuko da. Aurrez, jeltzaleek gaur egindako ekarpenen inguruko erantzuna astelehenean ematea agindu die gobernu taldeak. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!