Adierazpen-askatasuna eskatu zuten zinegotzi jeltzaleek osteguneko Osoko Bilkuran

2020/07/27
Herritar baten etxeko horman egindako pintadaren zergatiaz galdetu zuten

  Uztaileko Osoko Bilkuran, galde-erreguen atalean, Amaia Erostarbek lehenik eta Marijo Etxegoienek ondoren, adierazpen-askatasuna eskatu zuten. Erostarbek, idatzita zeraman adierazpena irakurri zuen, Etxegoienek, gertatutakoak sortutako zirrara azaldu zuen. Biek adierazpen askatasuna eta errespetua eskatu zuten, Jose Mari Agirreren etxe horman azaldu zen pintadaren harira.

  Amaia Erostarbek irakurritako idatzian, uztailaren 11an etxeko horman JOSE MARI, BERTSOLARI pintada ikusi zutela azaltzen da. Pintada, uztailaren 3an Goienako gutunak atalean Agirrek sinatu zuen idatziaren erantzuntzat jotzen du Erostarbek, eta ekintza hori zertarako eta zer den galdetzen du. Jose Mari eta ingurukoak estutzeko eta beldurrarazteko eta ideologia-borrokan jarduteko dirudiela adierazten du. Era berean, uztailaren 10ean Agirreren idatziari erantzunez Goienan argitaratu zen gutuna oso gogorra, anker, gupidagabe eta bortitza zela esan zuen  Erostarbek. Hala ere, zorionez, inork ez duela halakoren kontrako pintadarik egin eta adierazpen-askatasuna badaukala zehazten zuen zinegotzi jeltzaleak. Irakurgaiaren amaieran adierazpen askatasuna aldarrikatu eta goratu zuen Erostarbek XXI. mendean, adierazpen-askatasuna aldarrikatuko dugu Oñatin, borroka ideologikoaren eta oldarraren paradisuan. Bai, Oñatin ere bai! Gora adierazpen-askatasuna, beti-beti! esanez.

  Ainhoa Galdos bozeramale jeltzaleak askatasuna eta errespetua eskatu zituen, bere iritzia emateagatik inor seinalatzea ez dela zilegi adieraziz. Marijo Etxegoien zinegotziak ere zentzu berean hitz egin zuen, galdera bat eginez: hau al da ondorengoei utzi nahi diegun Oñati? Azkena izan dadila eskatuz, elkarbizitza, askatasuna eta errespetua aldarrikatu zituen.      

Iturria: Oñati Irratia