Abuztuaren 1ean hasiko dira kiroldegia berritzeko lanak

2019/07/04
Card image cap
Koordinazio bilera egin zen atzo eta kontratatu diren enpresetako ordezkariak izan ziren Zubikoa bertatik bertara ikusi eta lana planifikatzen

  Izan ere, kiroldegia eraberritzeko lanen lizitazioa loteka egin da, burutu beharreko zereginen arabera. Eraikuntza lan orokorrak, Miguel Imaz enpresak egingo ditu, 17 hilabeteko epean. Aire girotua, eguzki energia eta gasaren instalazioa Ondoan kooperatibari esleitu zaizkio eta baita laugarren lotean berezitu zen instalazio elektrikoak eta beste instalazio bereziei dagozkien lanak ere, horiek egiteko 14 hilabeteko epea zehazten duten kontratuak sinatu ditu udalak. Igerilekuko filtrazio sistema eta sauna egokitzeko lana Hidrocontrol enpresari esleitu zaio, 8 hilabeteko epean egin dezan eta amaitzeko, sarrera kontrolaren instalazioa Omesa enpresak egingo du baina hilabetean beteko dituela zehazten da sinatu berri den kontratuan. Atzo egin zen koordinazio bileran lan guzti horien plangintza egin zen, elkarri traba egin ez diezaieten eta zehaztuta dagoen kronograma bete dadin.

  Lanak, aurrez iragarri zen bezala, kiroldegi kanpoaldean hasiko dira. Eraikinaren atzealdetik makina eta kamioientzat sarbidea egokituko da eta hondeamakinak lanean hasiko dira ondoren, igerileku aldamenean eraikiko den eranskina jaso aurretik. Abuztuaren 1ean hasiko dira lan hauek, udal gobernu taldeak sare sozialen bidez atzo iragarri zuenez, eta oraingoz, igerileku ondoko berdeguneari soilik eragingo diote. Kiroldegiari erantsiko zaion eraikin berria hain zuzen ere, bertan jasoko da, beraz, uztaila amaitzearekin batera belardia itxi egingo da eta ezin izango da erabili. Etorkizunean, Zubikoa berritzeko lanak amaituta, solariuma eraikin berri horren gainaldean egokituko da.

  Aurreikuspenak betetzen badira, datorren urtarrilean jada kiroldegi barruan hasiko dira berritze lanak egiten, eta orduan bai, igerilekua, gimnasioa eta fitness gelak, besteak beste, itxi egingo dira. Urtebetez itxita mantentzea aurreikusten da. Dakizuenez, kiroldegiko gune osoa berregituratuko da, igerileku handiaren putzua trabeska jarriko da eta 9 kale izango ditu, eta egun berdegunea den horretan egokituko den igerileku txikia ere, egungoa baino handiagoa izango da. Kanpoko berdegunean geratzen den zatian, haurrentzako ur jolasen gunea egokitzea aurreikusten da. Fitness gunea, eraikinaren behe solairuan egokituko da, aldagela propioekin. Kantxa berdearen aldagela eta biltegiak nahiz zorua berrituko dira; pilotalekuan larrialdietarako ate berria irekiko da eta ondorioz,  edukiera handitu ahal izango da, eta frontoiaren zorua ere konponduko da. Kiroldegiko eraikin nagusiko nahiz pilotalekuko teilatuak ere eraberrituko dira.

  Kiroldegia berritzeko lehen faseko lan hauen lizitazio aurrekontu orokorra ia 7 milioi euro zen, BEZa kanpo utzita, baina adjudikazioan ia 760.000 euro aurreztu ahal izan dira, bost loteen esleipen aurrekontuak batuta, lanak, 6.230.386 eurotan esleitu baitira, beti ere, BEZa kanpo delarik.

  Lanak, abuztuaren 1ean hasiko dira eta jarritako epeak betetzen badira, 2020ko urte amaierarako bukatuko dira. Oraingoz, berdeguneari soilik eragingo diote, gune hori abuztutik aurrera itxita izango baita erabiltzaileentzat.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!