Abuztuaren 1ean amaitzen da 2020-2021 Ingurumen bekara proposamenak aurkezteko epea

2020/07/27
Card image cap
12.000 euroko beka da

  Nekazaritza-lurren funtsen aktiboak sustatzeko proposamenak eskatzen dira aurten. Konkretuki, udalaren lursail patrimonialen zein gutxiegi erabili edo utzita dauden nekazaritza-lurren azterketa eta ekintzarako aukerak jorratuko dituzten ikerketa proposamenak eskatzen dira, beti ere nekazaritzaren zein abeltzaintzaren izaera multifuntzionala eusteko helburuarekin. Hori da, 2020-2021 ingurumen azterketaren gaia.

  Lana taldeka edo bakarka egin daiteke eta kasu guztietan, egin asmo den lanaren proposamen txostena aurkeztu behar da. Lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia, helburuak, lan metodologia eta lana garatzeko kronograma eta aurreikusitako emaitzak eta horien interesa zehaztu beharko da lanaren memorian, besteak beste. Bide batez, eskatzaileen espediente akademikoa eta curriculuma ere atxiki beharko dira. Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da gaiarekin lotura duten ikasketak izatea eta diplomatua edo pareko mailako tituluduna izatea. Taldeen kasuan, partaideen erdiek gutxienez formakuntza hori egiaztatu beharko dute. Euskarari dagokionez, eskatzaileak edo taldeko partaide guztiek, EGA edo baliokide den titulu edo ziurtagiria aurkeztu beharko dute hizkuntzaren ezagutza gaitasuna frogatzeko. Proposamenak aurkezteko epea abuztuaren 1ean amaituko da.

  Beka 12.000 eurokoa da eta hiru zatitan ordainduko da, % 30a, ebazpena hartutakoan, % 40a, 12 hilabeteak pasata lanaren txostena aurkeztu eta honi oniritzia ematerakoan eta gainontzeko % 30a, ikerketa lana entregatu eta balioetsitakoan. Lan proposamenak aurkezteko epea luzatu den bezala hautatzen den ikerketa bukatu eta aurkezteko data ere atzeratu da eta 2022ko martxoaren 31 izango da azken epe muga hori.

  Ingurumen ikerketa beka bi urtean behin ematen da. 2015-16 urte artekoa Oñatiko narrasti eta anfibioak ikertzeko eman zen. Bigarrena eman gabe geratu zen proposatutako lanak ez zuelako gutxieneko puntuaziorik lortu eta oraingoa, hirugarren deialdia da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!