Abian dira Debagoienako 28. Jardunaldi Gastronomikoak, maiatzaren 6ra arte

2018/02/28
Eskualdeko bost jatetxek parte hartzen dute, tartean Arantzazuko Goiko Bentak

  Eskualdeko kultura, natura eta gastronomia ezagutzera emateko eskaintza berezia da Debagoienako Jardunaldi Gastronomikoak. Bertako historia eta tradizioari estuki lotuta dauden hainbat gastronomia produktu berezi daude Debagoienean: Gatzagako gatza, Oñatiko txokolatea edota Bergarako errelleno eta tostoiak. Eskualdeko jatetxeekin elkarlanean gainera, garaiko eta tokiko beste produktu batzuk ere promozionatzen dira. Izan ere, menu bereziak prestatu eta eskaintzen baitira, prezio berezietan. 28. jardunaldi gastronomiko hauetan neguko barazkiak, bildotsa eta peila eta torradak dira menu guztietan agertuko diren produktuak. Debagoienako bost jatetxek parte hartzen dute ostiralean hasi ziren jardunaldi gastronomikoetan: Arantzazuko Goiko Benta eta Arrasateko Hilarion eta Santa Ana, Bergarako Lasa eta Elgetako  Maialde.

  Bertako produktuak ekoizleei zuzenean erosi dakizkieke eskualdeko herrietan astero egiten diren azoketan. Baina jardunaldiok irauten duten hiru hilabeteetan zehar beste azoka-hitzordu bereziak izango dira, batzuk, jardunaldien baitan propio antolatutakoak, besteak, eskualdeko eragile ezberdinek antolatutakoak. Hala, Martxoaren 7an Arrasaten Karapaixo eguna ospatuko da eta maiatzaren 6an Elgetan Debagoieneko Artzainen VI. Eguna. Gainera, martxoaren 3an Oñatin zuhaitz ferixia izango da, martxoaren 10ean Arrrasaten emakume artisau eta baserritarren azoka eta martxoaren 24an Bergaran, Erramu zapatuko azoka.

Iturria: Oñati Irratia