Abenduaren 30ean amaitzen da Diputazioak jakinarazi dituen katastro balio berriekiko erreklamazioak egiteko epea

2016/12/20
Card image cap
Udaletxean egokitu den katastroari buruzko informazio bulegoan tramitea betetzen laguntzen dute

  Urri amaieran hasi ziren iristen Oñatira hiritar izaerako ondasun higiezinen katastro-balio berrien komunikazioak. Gipuzkoako Foru Ogasunak lurzoru eta eraikin erresidentzial, industrial eta zerbitzuetakoen katastro balioak eguneratu ditu eta horren berri jabeei jakinarazi zaie. Oñatin, orokorrean, lurzoru eta eraikin erresidentzialaren balio katastrala % 8.20 igo da eta industria eta zerbitzuetako ondasunen balio globala aldiz, % 24.27 jaitsi. 

  Komunikazioen haritik sortu zitezkeen zalantzak argitzeko informazio bulegoa egokitu zuen Udalak udaletxeko areto nagusian. Bertatik, 430en bat herritar pasa dira orain arte. Kopuru horri, zalantzak telefonoz argitu dituzten beste hainbat batu behar zaizkio. Gehienei behar zuten informazioa eman zaie eta kontribuzio berrikuspen agiriko datuak zuzenak direla egiaztatu ahal izan dute. Badira ordea, erreklamazioa egin dutenak. Oñatiko informazio bulegotik 19 erreklamazio tramitatu dira.

  Katastroari buruzko bulegoa zabalik dago oraindik, izan ere, erreklamazioetarako epea abenduaren 30ean amaitzen baita. Beraz, argibideak nahi dituenak edota komunikazioarekin ados egon ez eta erreklamazioren bat aurkeztu nahi duenak, horretarako aukera du oraindik.
Interesa duenak gainera, erreklamazioaren tramitea informazio bulegotik bideratu dezake. Horretarako udaletxeko areto nagusian egokitu den bulegora joan behar da baina aurretik txanda eskatu behar da 943.783488 telefono zenbakira deituta. Katastroari buruzko informazio bulegoa, astelehenetik ostiralera, 10:00tatik 14:00etara eta 17:00tatik 19:00tara irekitzen da eta larunbatetan berriz, 9:00tatik 13:00era.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!