9:00tan hasi dira gripearen kontrako txertoak jartzen anbulatorioan

2017/10/23
Card image cap
Erizain bat propio kontratatu da gaur hasi den kanpainari aurre egin ahal izateko

  Ohikoa baino beranduago hasi du aurten Osakidetzak udazkenero egiten duen gripearen kontrako prebentzio kanpaina. Hainbat lagun urduritzen hasiak zirela esan digute anbulatorioan eta pasa den ostegunean, txertaketa kanpainaren berri eman bezain pronto, txanda eskatzeko lehen deiak jaso zituzten osasun etxean. Lasai egoteko eta guztiontzat bakunak izango direnaren mezua zabaldu dute osasun arduradunek.

  Errefortzuko erizain bat kontratatu da kanpainari aurre egin ahal izateko. Bakuna jartzen soilik arituko da lehenengo asteetan. Hala ere, aldian aldiko kontsultetara doazen nagusiei ere txertoa hartzea eskainiko zaie eta onartuz gero, bere ohiko erizainak txertatuko ditu. Izan ere, gripearen kontrako txertaketa kanpaina, 65 urte edo gehiago dutenei  eta gaixo kronikoei zuzenduta dago bereziki. Haurdun dauden emakumeei ere txertoa hartzea gomendatzen dute Osakidetzako arduradunek eta osasun arloan diharduten langileei ere bai, ez beraiek zuzenean izan ditzaketen konplikazioengatik baizik eta inguruan dituzten pertsona nagusiak kutsatu ditzaketelako. Eta horixe da osasun sailburuak gripearen txertaketa kanpainaren berri eman zuenean azpimarratu zuena, alegia, txertoak arazoak eta konplikazioak saihesten dituela. Iaz, ospitaleratu beharra izan zituzten 229 gripe kasu larri erregistratu zirela adierazi zuen. 31 pertsona hil ziren eta hildakoen ia erdiak ez zeuden txertatuta, arrisku taldeetan egon arren. Gripearen kontrako txertoa segurua eta eraginkorra dela ere esan zuen Darpon sailburuak.

  Oñatin, iaz, 2200 txerto inguru jarri ziren, 65 urte edo gehiago dutenen % 70a bakunatuz. Aurten ere, antzeko kopuruetan ibiltzea espero dute anbulatorioko arduradunak. Kanpaina gaur hasi eta bi hilabetez-edo luzatuko da. Txertoa hartzeko aurrez txanda eskatu behar da anbulatorioan (Telf: 943 035440).

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!