8-9 hektarea terreno erre ziren atzo, Urrexolan, Orkatzategi azpian izan zen sutean.

2012/03/26
Mendi zerbitzuko erretena bertan dago, erre zen gunearen perimetroa busti eta zaintzen.

   Mendi zerbitzuko arduradunek, atzo arratsaldean, 8ak eta laurden inguruan jaso zuten Urrexolan sua piztu zenaren abisua. Hego-haizearen eraginez, sua xamur zabaldu zen eta gaueko 11 eta erdiak 12ak inguruan kontrolatu ahal izan zenerako, 8-9 bat hektarea erre zirela esan digu basozainak. Erretakoaren heren bat gutxi gora behera, pagadia zen, beste heren bat, botata zegoen pinudia eta gainontzekoa, hurritza, txilarra eta beste arbol batzuez landatutako gunea. Suak indar gehien hartu zuen momentuan dozena bat lagun aritu ziren lanean. 

  Gaurko ere tenperatura altuak eta hego haizea iragarri denez erretako lekua hurbiletik zaintzen ari dira. 4 langileko erretena bertan da, erretako gunearen perimetroa bustitzen eta sua berpiztu ez dadin zaintzen. Iluntzera arte mendian egongo direla esan digu basozainak, baina datozen egunetan ere zaintza lanean jarraitu beharko dutela gaineratu digu, bai behintzat euria egin bitartean, ingurua oso lehor baitago eta esan bezala, datozen egunetan ere tenperatura altuak eta hego haizea iragarri delako.