775 lagunek eman dute izena uda kanpainako kirol ekintzetan parte hartzeko

2018/04/23
Card image cap
Behin betiko izen-ematea arratsaldean ireki da

  Ostegunean egin zen uda kanpainako izen-emate ordena zehazteko zozketa. Horren arabera, parte hartzeko asmoa agertu zuten 775 lagunek, behin betiko izen-ematea zein egun eta ordutan egin behar duten finkatu da. Hasi, gaur arratsaldeko 16:00tan hasi da inskripzio hori eta ostiralera arte, arratsaldero izango da horretarako aukera Zubikoa kiroldegiko bulegoan, beti ere, esan bezala, bakoitzari egokitu zaion egun eta ordutan. Dagokion orduan agertzen ez denak txanda galduko du eta zerrendan azkeneko lekura pasako da.

  775 lagunek eman dute izena uda kanpainan parte hartzeko baina batzuk ekintza batean baino gehiagotan parte hartuko dute eta aukeran, bi txanda ere badaude. Beraz, guztira beteko diren ekintzak dezentez gehiago izango dira. Eta aukera ere handia da, urteroko tenis, pilota, zunba, montain bike, golf, patinajea, xake, multi-kirolak edota uretako ekintzez gain, K-stretch, pilates eta yoga saioak ere eskaini baitira aurten lehen aldiz. Landu daitezkeen kirol modalitateak ugaldu dira baina udako kirol kanpainaren iraupena murriztu egin da, abuztuan ez baita ekintzarik egingo. Ikastaroak beraz, ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango dira. Batzuk, txanda bakarrean egingo dira eta beste batzuk jarraipen handiagoko bi txandetan beteko dira; lehen txanda ekainaren 25etik uztailaren 6ra izango da eta bigarrena, uztailaren 9tik 20ra. Ekintzaren arabera eta kiroldegiko bazkide den ala ez kontutan hartuta, matrikula prezioa aldatuko da. Baina bakoitzak egiten duen aukera hori aste honetan zehaztu beharko du behin betiko izen-ematean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!