688 886 519, laguntza behar duten herritarrentzat telefono zenbakia

2020/03/18
Card image cap
9:00tatik 14:00tara egongo da erabilgarri

  Oñatiko boluntario sarean 115 lagunek eman dute izena orain arte, baina eskaerarik ez da jaso, alegia, laguntza beharra duen herritarrik ez da azaldu oraindik. Norbaitek botikak erosteko, oinarrizko gaiak eskuratzeko, zaintzarako edo beste beharren batetarako laguntza behar badu, udalak jarritako telefonora deitu dezake 9:00tatik 14:00tara. Zenbakia hau da:  688 886 519. Bestela, aurrez eman zen helbide elektronikora ere zuzendu daiteke: saretuz@onati.eus

  Alarma egoeran etxetik irteteko muga zorrotzak jarri dira eta adineko pertsonek edo gaixotasun kronikoak dituztenek bereziki beraien burua babesteko neurriak hartu behar dituzte, beste batzuekin harremanak saihestuz. Gaixotu eta egoera larritzeko arriskua dute adineko pertsonek eta gaixo kronikoek, osasun arduradunek behin eta berriz adierazten dutenez. Horiek gogoan antolatu du udalak boluntario sarea.

  Laguntza beharra duten herritarren eskaerak jaso bitartean protokoloa zehazten ari dira udal arduradunak, boluntarioek bete beharko dituzten oinarrizko baldintzak argitzeko: banaka joatea edota ahal dela aurrez aurreko kontaktu zuzena ekiditea, besteak beste. Beraien burua laguntzeko prest agertu dutenen datuak jaso dira eta zonaldeka banatu eta eskaini dezaketen laguntzaren arabera taldekatzen ari dira.

  Aldi berean, 70 urtetik gorako herritarrei deitzen ari dira bakoitzaren egoeraz eta laguntzarik behar ote duten galdetzeko. Baina deiaren zain egon gabe, laguntza behar duenak zuzenean deitu dezake hartarako jarri den telefonora.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!