6 lagunek eman dute izena udalak osatu asmo duen harreragile lan poltsarako

2018/03/05
Card image cap
Bihar 14:00tan amaitzen da izen-emate epea

  Udaleko eraikinetan harreragile lanpostuetan sortu litezkeen behin behineko beharrei aurre egiteko lan poltsa eratzea erabaki da. Oinarrizko bi baldintza bete behar dira harreragile lan poltsara aurkezteko: derrigorrezko bigarren hezkuntzako titulazioa eta euskarari dagokionean, 3. hizkuntza eskakizunaren mailako ezagutza izatea. Izena, bihar 14:00ak arte eman daiteke udal bulegoetan. 6 lagunek jada izen-emate orria bete dute eta dagozkien egiaztagiriak aurkeztu dituzte.

  Lan poltsa eratzeko oposizio-lehiaketa egingo da. Oposizio fasean ariketa teoriko bakarra gainditu beharko da. Horretarako oinarria deialdiarekin batera argitaratu den gaitegia izango da. Azterketa teorikoa gainditzen duten hautagaien merituak baloratuko dira ondorengo lehiaketa fasean, eta egiaztatu duten lan eskarmentua eta formazio osagarria hartuko da kontuan.  Hautaketa prozesu osoan lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da hautagaien lehentasun ordena lan poltsan. 

  Harreragile lanpostua betetzen duenak hainbat eginkizun izango ditu: herritarrei harrera ematea, bai lehiatilan edota telefonoz; instalazioen inguruko eta bertan ematen diren zerbitzuen inguruko informazioa eman; instalazioen sarrera eta irteerak kontrolatu eta instalazioak ireki eta itxi; eta instalazioan erabiltzen diren baliabide materialen zaintza eta erregistroan laguntzea, besteak beste.

  Gaur zabaldu da bestalde, udaleku irekiak eta arte udalekuetan begirale izateko izen-emate epea. Arte udalekuetan begirale jarduteko Arte Ederretan lehenengo bi ikasturteak gaindituta izatea eskatzen da. Udaleku irekietan begirale izateko berriz, eskola graduatua izatea. Formazio akademikoari dagozkion baldintza horiezaz gain EGA edo hirugarren hizkuntza eskakizunaren mailako euskara ezagutza eta sexu delitugileen erregistro zentraleko agiri negatiboa izatea ere eskatzen da hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko. Gero, bestelako merituak baloratuko dira. Deialdiak www.oñati.eus udaleko web atarian ikusi daitezke. Udaleku irekiak eta arte udalekuetan begirale izateko izen-emate epea hilaren 16an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!